Sanferminetatik Altsasukoak askatzeko aldarrikapena zabaldu zuten

Guaixe 2019ko uzt. 17a, 13:32

Justizia eta askatasun aldarriak zabaldu zituzten larunbatean.

Kontzentrazio jendetsua egin zuten larunbat eguerdian

Hirugarren urtez Altsasuko auzia salatzeko eta presoen askatasuna aldarrikatzeko kontzentrazioa egin zen sanferminetan, besteak beste Alegria de Iruñea, Aldapa, Jarana eta La Unica peñak lagunduta. Altsasu Gurasoak taldearen izenean Gotzon Urritzolak eta Edurne Goikoetxeak salatu zutenez, “gure seme-alabek justiziarik gabeko egoera batean murgilduta bi urte eta erdi daramate”. Larunbateko kontzentrazioak “bidegabekeria hau, berriz ere, gogora ekartzeko eta zuek gurekin zaudetela sentitzeko” balio izan zien. Altsasukoen auzia ez dadila ahaztu eskatu zuten: “isiltzen dena ahaztu egiten da eta azken hori gertatzen ezin dugu utzi. Beti bezala edo inoiz baino gehiago, behar zaituztegu”. Horregatik, “injustiziaren” berri eta “Altsasukoak askatu” oihua hedatzeko eskatu zuten gurasoek.  

Altsasukoak Aske plataformaren izenean Saioa Ramirez de Aldak eta Idoia Goikoetxeak hartu zuten hitza. Gaztigatu zutenez, “oraingoan ere zapaltzen ari diren eskubideen alde gaituzue, gero eta handiago eta krudelagoa den justizia-faltarekin buka dezaten exijitzeko”. Biek ere nabarmendu zuten jasotako elkartasunak “aurrera egiteko kemena” ematen diela eta eskerrak eman zituzten.
“Elkartasunak duintasun-lezio handia ematen du eta, hori gutxi balitz bezala, errealitatea desitxuratu, bidegabekeria bultzatu eta, interes politikoek aginduta, atxilotzen dituzten horiei guztiei erabateko mezu argia bidali nahi die”.
 
Gogorarazi zutenez, “azaroan hiru urte beteko dira, erraz esaten da, hiru urte zentzugabekeria judizialak martxan jarri zirenetik”. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain daudela eta “erabaki onargarri bakarra” dagoela nabarmendu zuten: “auzipetu guztien askatasuna”.  Plataformako kideek ere euskal presoen eskubideen alde lanean aritu diren eta irailean epaituko dituzten 11/13 sumarioko 47 euskal herritarrekin gogoratu ziren. Haien artean Amaia, Jaione, Oihana eta Fernando daude, “gure abokatuak eta psikologoak, “infernu honetan konpromiso nekaezinez lagundu digutenak”. Plataformakoak ere irailaren 14an Bilbon deituta dagoen manifestazioan izanen direla gaztigatu zuten. Despeditzeko, plataformako ordezkariek “hurrengo hilabeteetan antolatuko ditugu mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko gonbidapena” egin zuten.  

Aurreko bi urteetan Altsasuko auzia salatzeko kontzentrazioa Gaztelu plazan egin izan da, eta hala egin nahi izan zuten aurten ere; baina Espainiako Gobernu Ordezkaritzak ezezkoa eman zien. Iruñeko Udalarekin kontsultatu ondoren ukatu zieten Gaztelu plaza erabiltzeko baimena eta Errekoleten plaza proposatu zieten. Han egin zen, azkenik, kontzentrazioa.

Datua
Adurrek, Jokinek eta Oihanek gaur 976 egun egin dituzte preso gaur. Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek, berriz, 442 bi txandatan: 2016ko udazkenean 35 egun eta 2018ko garagarrilaren 5etik.