Antonio del Moral Garcia, Andres Palomo del Arco, Vicente Magro Servet, Susana Polo Garcia eta Andres Martinez Arrieta (presidentea) epaileek osatuko dute Espainiako Auzitegi Goreneko aretoa, Altsasuko auziko helegiteak aztertuko dituztenak. Irailaren 18an izanen da, asteazkenean, Altsasuko festak bukatu eta hurrengo egunean. Hala jakinarazi zieten defentsei atzo. Espainiako Auzitegi Goreneko bost epaileek akusazioaren eta defentsen alegazioak entzunen dituzte egun horretan. Deliberazio epe baten ondoren, zehaztu gabeko egun batean emanen dute euren epaia. Auzipetuta dauden zortzi altsasuarrak ez dute aretoan egon beharko.
Defentsek zortzi altsasuarren absoluzioa eskatu dute. Bi epaiketaren ondoren, fiskaltzak haiendako terrorismo delitua eskatzeari uko egin zion. Fiskaltzak uste du nahikoa proba daudela Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak ezarritako zigorrak berresteko, “guardia civilen eta haien bikoteen lesioengatik eta ideologia diskriminazio astungarriagatik”. Auzia Madrilera eramateko ekimena abiarazi zuen Covitek ez du helegiterik aurkeztu. Kolektiboaren modura herri akusazio gisa aritu den Asociacion Unificada de Guardias Civilesek ere z du helegiterik aurkeztu. Ezta akusazio partikularrek ere (Estatuko Abokatua guardia civilena eta Jaime Zuza abokatua bi emakumezkoen izenean). Hala ere, akusazioek defentsek aurkeztutako helegiteak inpugnatu zituzten.
Espainiako Auzitegi Nazionalak agintearen agenteen kontrako atentatuagatik, lesioengatik, desordena publikoagatik eta mehatxuagatik zigortu zituen altsasuarrak: 13 urteko espetxe zigorra Oihanendako, 12 urtekoa Adurrendako eta Jokinendako, 9 urtekoa Aratz, Jon Ander eta Julenendako eta 2 urtekoa Ainararendako. Iñakiren helegitea partzialki onartu zten epaileek eta espetxe zigorra 10 urtetik 6ra jaitsi zioten. Epaian auzipetu bakoitzari akto jakinik ez die egozten: “guztiek eragin zituzten biktimen lesioak, nahiz eta kaltetuei egindako erasoa ezin izan den zehaztu”.
Bi auzitegitan
Altsasuko zenbait auzipeturen abokatu dira Amaia Izko Aramendia eta Jaione Carrera Ziriza; Izko Jokinena eta Ainararena eta Carrera Adurrena. Biak 11/13 sumarioan auzipetuta daude eta Espainiako Auzitegi Nazionalean irailaren 14tik aurrera epaituko dituzte (Fran Balda Araña arbizuarra ere), Altsasuko auzia baino bi egun lehenagotik. Euskal presoen aldeko defentsan aritu dira biak eta “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta 11 urteko espetxe zigorrari aurre eginen diote. Izkok azaldu digunez, “Altsasuko auzia ez dugu atzeratu nahi. Baimenen edo bestelakoen bidez moldatuko gara aretoan egoteko”.