Altsasuko auzia Giza Eskubideen urraketen adibide gisa jarri dute

Guaixe 2019ko uzt. 31a, 08:49
San Pedro ospakizunean elkartasun zortzikoak Justizia aldarrikatzeko ere baliatu zuten.

Fair Trails erakundeak txostena helarazi dio Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluari Espainian Giza Eskubideen egoerari buruzko da, eta Altsasuko auzia adibidetzat jarri du.

Nazio Batuen Erakundea (NBE) kide diren estatuek Aldizkako Azterketa Unibertsala pasa behar izaten dute. Horren bidez, Giza Eskubideak hobetzeko eta betebeharrak betetzeko zein neurri hartu dituzten azaltzen dute estatuek. Azterketa horren bidez Giza Eskubideen egoera hobetu nahi da. NBEko lan taldeak 35. bilkura-aldiari ilbeltzean ekinen dio. Eta bilera horien aurretik Fair Trail Europako Giza Eskubideen erakundeak NBEri “lege antiterroristek Espainiako Giza Eskubideetan duten eragin negatiboaz” gaztigatu duen txostena aurkeztu dio. “Lege anbiguoek adierazpen askatasuna urratzea ekarri dute, askotan legedi antiterroristarekin konbinatuta, horrek askatasunerako eskubidea urratzen du. Espainiako Zigor Zuzenbideak epaileei ematen dien gehiegizko eskumenak Zuzenbide Estatua ahultzen du”.

GKEk Espainiarekiko hiru kezka azaldu ditu: behin-behineko espetxealdia maiz agintzea arrazoi bidegabeetan oinarrituta, prebentzio-atxiloketen ordezko neurririk ez egotea eta prebentzio-atxiloketen iraupenaren luzera. Horiek zuzentzeko proposamena egin du ere.  

Altsasuko auzia
Fair Trailsek NBEri aurkeztu dion txostenean arbitrariotasunaren adibide gisa Altsasuko auzia eman du. Gogorarazi du Covitek 2016ko lastailaren 15eko gertaerak terrorismo gisa jo zituela eta harekin bat egin zutela Fiskal Nagusiak eta Estatuko Fiskaltzak, auzipetuen kontrako terrorismo akusazioak aurkeztuz. Atxiloketak izan zirela eta hiru altsasuarrek aurreneko epaiketa bitartean behin-behineko espetxealdian urte eta erdi eman zutela gaztigatu dute. Bitartean FIES erregimenean eta etxetik 400 kilometrotara urrundu zituztela gaztigatzen du.

GKEren idatzian jasotzen denez, zortzi auzipetuek 2 eta 13 urte arteko espetxe zigorra jaso zuten, “ideologia diskriminazio astungarriak moduko faktoreetan oinarrituta. Auziak Espainiako justizia sistemaren prebentziozko atxiloketari buruzko oinarrizko hutsuneak ilustratzen ditu. Terrorismoari buruzko legedi zabalak polizia eta epailetzako agintariei modu arbitrarioan aritzeko aukera ematen die, Espainiako Zuzenbide Estatua zuzenean mehatxatuz”.

Fair Trailsek gaztigatu dutenez, “Altsasuko auzian delituaren larritasuna erabili zen behin-behineko espetxeratzea agintzeko. Epaileak zazpitan atzera bota zuen behin-behinean preso eta epaitu zain zeuden hiru auzipetuen askatasun eskaera”. Epaileak eta defentsen argudioak ere gogorarazi dituzte:  epailearendako “delituaren larritasuna ikusirik, probabilitate handia zegoen akusatua zigortua izateko edo delitua berriro egiteko. Nahiz eta defentsek gogorarazi auzipetuak borondatez aurkeztu zirela epaitegian, epaileak ihes egiteko arriskua argudiatzen segitu zuen, auzipetuek aurre egin behar zioten delituaren larritasuna eta zigorren handia argudio hartuta”. Nabarmentzen du, gainera, epaileak Adurren, Jokinen eta Oihanen eskaerei erantzun bera eman ziela, bakoitzaren egoera pertsonalak kontuan izan gabe.

Erakundeak gogoratu du Altsasuko auzipetuen defentsek espetxealdirako alternatibak aurkeztu zituztela (atzerrira ezin bidaiatu, fidantza ordaintzea, zaintza elektronikoa edota epaitegira sinatzera joan beharra). “Defentsak auzitegian frogatu zuen hiru presoak ikasten ari direla, helbide jakina zutela, erlazio egonkorrak zituztela eta herrian familia lotura handiak zituztela. Ez errepikatzeko, biktimekin harremanetan jartzeko edo haiengana hurbiltzeko debekua eman zitekeela argudiatu zuten. Baina epaileak argudio guztiak atzera bota zituen, karguen larritasunagatik eta ihes egiteko arriskua argudiatuta. Preso zeuden gainontzeko lau auzipetuak epaiketa aurretik aske utzi zituzten. Haiek, eskatu bezala, 120 alditan baino gehiagotan auzitegira sinatzera joan ziren 2016ko abendua eta 2018ko garagarrila bitartean”.