Altsasuko auziagatik zortzi altsasuar epaitu zituzten, eta haietatik zazpi gaur egun Arabako Zaballa espetxean preso daude. Adur, Jokin eta Oihan 2016ko azaroaren 14tik daude preso, eta larunbatean mila egun eginen dituzte preso. Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetuak atxilotu eta kartzelan sartzeko agindua eman zuen. Terrorismoa leporatzen zitzaienez, FIES edo jarraipen bereziko presoen fitxategian sartu zituzten. Sailkapen hori hiruei 2018ko garagarrilaren 7an kendu zien, epaitegiak Altsasuko auzian terrorismo zantzurik ez ikustean. Mila egunetan Adurrek Soto del Real, Aranjuez, Iruñea eta Zaballako espetxeak ezagutu ditu. Jokin, berriz, Soto del Real, Extremera eta Zaballa kartzeletatik pasarazi dute. Azkenik, Oihan Soto del Real, Navalcarnero eta Zaballa espetxeetan izan dute.
Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen bitan atxilotu dituzte. Aurrena 2016ko azaroaren 14an eta 35 egunez preso izan zituzten Soto del Realen eta Alcala Mecon. Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den urtean epaia eman ondoren, garagarrilaren 5ean atxilotu zituzten laurak eta Madrilera eraman zituzten. Soto del Real espetxean sartu zituzten eta joan den urteko irailean Zaballara lekualdatu zituzten. Iñaki Arabako kartzelara iritsi aurretik, Iruñekotik pasa zen. Zortzi auzipetuetatik Ainara da aske dagoen bakarra, berari ezarritako zigorra bi urte baino txikiagoa delako.
Zortziak eta haien senideak Espainiako Auzitegi Gorenean irailaren 18an zer pasatuko den zain daude. Egun horretan aztertuko da auzipetuen defentsek Espainiako Auzitegi Nazionalaren Apelazio Aretoak emandako epaiari jarritako helegiteak. Saio bakarra izanen da eta auzipetuek ez dute epaitegian egon beharko. 2 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak jaso dituzten auzipetuen defentsek haien absoluzioa eskatu dute.
Bitartean, Altsasukoak Aske herri plataformak espetxeratzearen milagarren eguna salatzeko eta auzipetuen askatasuna aldarrikatzeko bi hitzordu jarri dituzte larunbaterako: aurrena, 12:00etan, Beriain mendi gainean eginen den ekitaldia eta, atzena, Altsasun, 20:00etan eginen den kontzentrazioa. Mendiko ekitaldiak Mila egun, mila mezu. #Altsasukoakaske leloa izanen du. Plataformak eskatu du egun horretan lelo hori duten karteldun argazkiak edo selfiak sare sozialen bidez zabaltzea, banakoenak edo taldeenak. Aldi berean, plataformak sakandarrei deialdi berezia egin die: “Beriain mendira igo zaitezte. Garrantzitsua da Altsasuko auzipetuen askatasun aldarrikapenaren garra piztuta mantentzea”.