Ospak errepresio indarrei alde egiteko deia berretsi zuen

Guaixe 2019ko ira. 2a, 19:36

"Maleten birako" akaberako ekitaldia.

Larunbatean ospatu zen Ospa eguna, Espainiako Auzitegi Nazionaletik zaintzapean egitea eskatu zena.

Ospa mugimenduak antolatuta “maleten bira” egin zen. Kalejira horrekin “Altsasuko errepresioaren historia-mapa agerian utzi nahi izan dugu”, adierazi zuten antolatzaileek. Izan ere, aurtengo Ospa! eguna antolatzean “errepresioak hamarkadetan utzitako oinazea eta arrakalak bistaratu” nahi izan zituzten. Ospa mugimenduko kideen iritziz “garrantzitsua da okupazio eta errepresio indarrek eragindakoa ezagutzea eta biltzea. Milaka arrazoi ditugu errepresioa kanporatzeko!”

Ospa mugimendutik azaldu zutenez, Espainiako eta Frantziako estatuen “bakea gure aldarrien isilaraztea da. Haien bizikidetza zapaldu eta zapaltzaileen arteko bizikidetza da”. Estatuek eusten dioten “sistema kapitalistaren barruan bizikidetzarik eraikitzea ezinezkoa da”. Ospa mugimenduko kideek “justizia sozialean oinarritutako bakea lortu arte guk borrokaz hitz eginen dugu. Izan ere, gizarte berri baten aldeko borroka honetan hartzen du zentzua mugimendu antierrepresioaren jardunak”. Mundu berria eraikitzeko bidean “errepresioa ekidinezina” dela gaztigatu zuten. Ospako kideek azaldu zutenez, “errepresioak borroka gelditzeko eraginkortasuna mugatzea da gure konpromisoa; errepresioaren eraginez inork borrokatzeari ez uzteko mekanismoak garatzeko erronka" du. 

Kalejira
Altsasun barna egindako “maleten biran” 14 geldialdi egin zituzten eta bakoitzean gertakari baten berri eman zuten, antzezpen, pankarta, audio azalpen edo muntaien bidez. 2.000 pertsona inguruk parte hartu zuten. Udaletxe paretik, Enrike Zelaiaren taberna zenetik abiatu zen kalejira. 1989ko azaroaren 21ean Josu Muguruzaren hilketa salatzeko mobilizazioen ondoren, musikariak guardia zibilek egindako mehatxuak eta kolpeak jaso zituen eta hori gogorarazi zuten. Foru plazan, bigarren geldialdia egin zuten, 2018ko azaroaren 4an España Ciudadanak antolatutako ekitaldia gogoratu zuten. 

Alde Zaharrean segituz, Galder Gonzalez eta beste hiru bakaikuar 2000ko irailaren 4an atxilotzeko emandako agindua gogorarazi zuten. Errepresioaren berri ematen zuen Alde Hemendik buletina argitaratu edo banatzeagatik atxilotuak eta auzipetuak izan zirela gogorarazi zuten. Laugarren geldialdia gaztetxean egin zuten eta 29 urteko ibilbidean segurtasun indarren aldetik “hainbat eraso jasan” dituela gaztigatu zuten. 

Gartzia Ximenez kaleko 25 zenbakiaren parean 1977 eta 1984 urteen artean altsasuarren kontra izan ziren gerra zikin kasuak gogora ekarri zituzten (Manoli Arzaren kontrako tiroketa eta Iosu Imazen autoan jarritako lehergailua). Iortia kultur gunean Altsasuko auziko “muntaia” salatu zuten. Erkuden eta Altzania kaleen bidegurutzean, berriz, Altsasun 30 torturatu eta 137 atxilotu izan zirela jakinarazi zuten. Zortzigarren geldialdia Nafarroa eta Amaia kaleen arteko bidegurutzean izan zen. 1978ko maiatzean ikurrina etxean zintzilik izateagatik Nuñez-Lezea familiaren etxearen atean lehergailua lehertarazi zuten. 

San Juan eta Burunda kaleen bidegurutzean Imanol Salinasen egoera salatu zuten: “burlatarra eta gure herriko bizilaguna, espetxeratze arriskuan dago hainbat langile borrokatan parte hartzeagatik”. San Juan plazan egin zuen kalejiran hurrengo geldialdia. Han gogoratu zuten PSOEk zuzendutako udalak 1986ko ilbeltzean “Guardia Zibilari 1.000 metro karratu oparitu zizkiola Ameztia auzoan kuartel berria egiteko”. Isidoro Melero eta Intxaurrondo kaleen bidegurutzean “errepresioari aurre egiteko” herrian garatutako hainbat dinamika gogorarazi zituzten: Edurnerekin bat, Mikel, Xabi edota Makanaren kasuak. 

Zelai kalean Ospa mugimenduak jakinarazi zuenez, maiatza eta agorrila bitartean 127 kontrol izan direla, 67 Foruzaingoarenak eta 60 Guardia Civilarenak (ilbeltzetik apirilera 168 zenbatu zituzten). Gartzia Ximenez kalean dagoen Emilio Iguzkizaren oroigarriaren parea ere geldialdia egin zuten hura guardia zibil batek tiroz hil zuela gogorarazteko. Kalejira trenaren geraleku ondoan despeditu zen. Aurreko geldialdi guztietan jasotako maletak bota zituzten eta horrela adierazi zuten errepresio indarrak herritik kanpo nahi dituztela.