Bapo dendari elkartearen 25 urteurrenean

Guaixe 2019ko ira. 9a, 15:22

Ogitartekoteak jakin-mina piztu zuen.

Mende laurdena bezeroekin batera ospatzeko arratsalde pasa antolatu zuten larunbatean. 60 metroko ogitartekoaren mila zati banatu zituzten.

Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) 25 urte bete dituela eta ospakizun handia prestatu zuen larunbaterako. Foru plazan taberna eta terraza zabaldu zuten 18:00etan eta 23:00ak arte musika eskaintza zabala entzungai izan zen bi dj-ren eskutik. Haurrendako jarduerekin batera, Iskiza klubaren gimnasia erritmiko eta Oihuarima dantza taldearen ikuskizunak, eta Zangitu fanfarrearen emanaldia izan zen. 

Horrekin batera, aurten jubilatu diren eta harategia itxi duten Juanjo Aldasorori eta Jose Galani omenaldia egin zieten, Altsasuri eskainitako konpromisozko bizitzagatik. ADEren izenean Amaia Bengoetxeak oroigarria eman zien. Bikotea ADEko kidea zen, baita haren aurreko Zurekin dendari elkartekoa ere. 

Plaza beteta zegoela, 20:30ean, 60 metroko bokadilloa banatzeko garaia iritsi zen. Hura prestatzeko 120 cm-ko luzerako 50 ogi zabal, 80 kilo urdaiazpiko eta 200 litro tomate erabili zituzten. Pan-tumaka ogitartekoa mila zatitan banatu zuten. Haietako 700 astean zehar ADEko dendetan erosketak egin zituztenen artean banatu zituzten, doan. Gainontzeko 300 zatiak 1,5 eurotan erosteko aukera izan zen. Den-dena jan zen. Plaza jendez bete zutelako ADEko kideak pozik zeuden.