Extremadurako eguna ederki ospatu zuten

Guaixe 2019ko ira. 12a, 17:23
Makina bat jende elkartu zen San Juan ermitaren inguruan.

La Encinak, Extremadurako kultur elkarteak, erkidegoko eguna ospatzeko egitaraua prestatu zuen domekarako.

Gero eta ederrago dago San Juan ermitan ondoan dagoen artea. La Encina kultur elkarteak landatu zuen bere ibilbidearen hasieran eta atzoko ospakizunen lekuko izan zen ere. Izan ere, ermitan Extremadurako musikaz blaitutako meza izan zen, eta auzate ederraren ondoren, animoak berotu eta eskualdeko kantuak eta dantzak entzun eta ikusteko aukera izan zen. Ospakizunak elkartea izan zuen segida. 88 pertsona elkartu ziren mahaiaren bueltan bazkari ederraz gozatzera, altsasuarrak eta iruindarrak. Guadalupeko amaren egunean ospatzen den Extremadurako eguna dantza eta kanta ikuskizunarekin despeditu zen Iortia kultur gunean. 

Elkarteko presidente Jesus Cidoncha Zambranok azaldu zigunez, “jendea berriro lanera sartu da eta kolaboratzaileak baditugu”. Hala ere, gazteak La Encinara hurbiltzeko gonbidapena egin zuen. Gogorarazi zigunez, bi bazkidetze mota dituzte: kulturakoa, arlo horretako jarduerak sustatzeko, eta bazkide titularra, elkartea erabiltzeko aukera ematen duena. 

La Encinakoak irailean ez dira geldi egonen. Festetako domekan hamabietakoa eskainiko dute. Atzo bezala, txerria hiltzeko egunean prestatutako txerriki zatiak emanen dituzte dastatzera. Horretaz aparte, festen ondorengo asteburuan, irailaren 20tik 22ra, Extremadurako kultur jardunaldiak antolatu ditu La Encinak.