Hirugarren epaiketa Madrilen. Kasik hiru urte?
Ez da urte bakoitzeko epaiketa bat izan, ez. Azken urtean-edo hirurak izaten ari dira. Ea zer gertatzen den oraingo honetan.
Espainiako Auzitegi Nazionaletik Gorenera pasa da auzia. Zer espero duzue gurasoek?
Galdera horrek halako ezin egona eta mina sortzen digu. Orain arte ez dugu espero genuena izan; benetan aztertzea zer gertatu zen gau hartan, frogak aintzat hartzea eta horren araberako justizia izatea. Hori, orain arte ez dugu izan. Ikusiko dugu Gorenak, behingoan, Zigor Kodeak eta legeek esaten dutena aplikatzen duten edo orain arteko ildo politikotik abiatzen den. Ez dakit zer erantzun. Ikusiko dugu geroak zer dakarren. Espero dezagun zerbait ona izatea behingoan. Baina horren ziurtasunik ez daukagu.
Abokatuek defentsa prestatzen duten bezala, gurasoak eta auzipetuak epaiketarako prestatu zarete?
Momentu honetan sentsazioa da tunel batetik pasatu behar dugula, tunel ilun batetik. Beldurra ematen duen tunel bat da hori, orain arteko esperientzia txarra izan delako.
Argirik ikusten ez delako?
Argia ikusten da, baina tunela eta gero. Orain arte argi gutxi izan dugu, itzal asko. Eta oraingo honetan tunel horretatik pasatu behar dugun horretan ere iluntasuna badago, nahiz argia ere. Hau da, gure seme-alaben sententzia oraindik irmoa izan gabe kartzelan daude, preso prebentibo. Gorenaren epaia irmoa izanen da. Hori etortzen denean, nahiz eta beldurra eman zer etorriko ote den, tira, bere alde ona ere izanen du. Horrek beste etapa bat ekarriko du. Prozesuaren bukaerarako bidean eman beharreko beste pauso bat. Ekar ditzake baimenak, erabaki berriak eta auskalo zer.
Auzipetutako hiruk Gara egunkariari emandako elkarrizketan zioten asteazkenekoa “azken bataila” dela.
Horixe. Hain zuzen ere aipatzen dugun irmotasunarengatik. Orain arte prebentibo daude. Baina Altsasukoen kasuan, prebentibo izanda ere, eta epai irmorik gabe, espetxeratu dituzte. Beste kasuetan ez da horrela jokatzen. Kasu honetan modu gogorrean eta zigor gogorrenarekin ari baitira, aritu direlako orain arte behintzat. 18an jokatuko dena partida inportante bat da, bai. Espainiako azken aurreko finala dela esan dezakegu. Zeren finala Espainiako Konstituzio Epaitegia litzateke.
Eta luzatzen bada, hortik Europara.
Hori da. Baina orain arte ez da frogen araberakoa bete, hori nahi genuke. Zigorrak eta ordainak mila aldiz biderkatuta aplikatu dituzte. Behingoan hori bideratzea nahi genuke, benetan gertatu zenaren arabera. Esaten dena Zigor Kode arrunta aplikatuta izatea, ez halako gauza arraroak eta zigortzaileak.
Gorroto astungarria eta bestelakoak, ezta?
Horixe. Eta terrorismo delitua. Hasieran nabari-nabaria zen ez zela terrorismoa. Inork ez zuen hori sinisten. Baina pasarazi eta eginarazi digutena, ba, min handia da. Gainera, ondorio kaltegarri asko ekarri dituena. Argi eta garbi gelditu da gure seme-alabek ez zutela inoiz terrorismoagatik epaituak izan behar. Espainiako Auzitegi Nazionalean bitan argi gelditu da terrorismo deliturik ez zegoela. Baina, aurretik, 2017ko martxoaren 23an, Nafarroako Lurralde Auzitegiak gauza bera esan zuen. Urtebete lehenago. Esan zuen Altsasun gau hartan gertatutakoa uste-gabeko gauza bat izan zela eta terrorismo zantzurik ez zegoela.
Gaur gurasoek Madrilgo bidea hartuko duzue?
Nik uste dut gehienak joanen garela. Aurpegia emanen dugu beste behin. Han egonen gara, eta han ikusiko gaituzte.
Auzipetuak ez dira han egonen, ezta?
Ez. Eta uste dut kasu honetan ez dutela ezta bideokonferentziaz ikusteko aukerarik izanen ere.
Nola daude zortzi auzipetuak?
Imajinatzen dut denetarik bizitzeko gauak eta egunak ditugula aurreko hauek. Alde batetik, urduritasuna. Lasaitasuna, bestetik, leporatzen dieten delituen errudunak ez direlako. Horrek ere bakea ematen du. Baina haien egoera ere ez da xamurra. Kezka ere izanen dutela pentsatzen dut.
Zazpi presoak elkarrekin egoteak lagunduko die, ezta?
Nik pentsatzen dut halako talde bat dela barruan eta horrek elkarri babes handia ematen diela. Horri esker familiatxo bat ere badira. Uste dut hori oso mesedegarria dela denendako.