Zein dira epaimahaia osatzen duten epaileak?
Antonio del Moral Garcia, Andres Palomo del Arco, Vicente Magro Servet (ponentea), Susana Polo Garcia eta Andres Martinez Arrieta (presidentea).
Fiskala zein izanen da?
Alvaro Redondo Hermida.
Akusazio partikularra eta herri akusazioa izanen dira?
Bai, izanen dira Covite eta Asociacion Unificada de Guardias Civiles. Baina gure helegiteen kontrako inpugnazioa defendatzeko. Beraiek ez dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko azken epaiaren kontrako helegiterik tartekatu. Epai horren kontra defentsak aritu gara bakarrik. Guk gure helegiteak tartekatu genituen. Horren berri fiskalari eman zioten, inpugnatu zituen eta, ondoren, akusazio horiek guztiek fiskalak egin duen inpugnazio horiekin bat egin dute.
Sei abokatuek segitzen duzue?
Bai, Jose Luis Galan, Eva Gimbernat, Jaime Montero, Manuel Olle Sese, Amaia Izko eta ni gaude prozedura honetan.
Haraino kasazio helegiteekin iritsi zarete. Zer da hori?
Terrorismo akusazioak markatu izan du Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitzea. Horrek ere markatu du gure defendatuendako izan diren zigor handiak. Espainiako Auzitegi Nazionalean, azkenean, terrorismo akusazioa bertan behera gelditu da, baina beraiek izan dira zigorra markatu dutenak. Horrek 2 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak ahalbidetu ditu. Noski, gu ez gaude halako zigorrekin batere ados. Uste dugu prozedura honetan hainbat eskubide urratuak izan direla. Horren defentsan, sententzia horren kontra ere ariko gara. Hasiera batean, apelazioan aritu ginen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. sekzioak sententziaren kontra. Ondoren Apelazio aretoaren sententzia etorri da eta orain gorako instantzia batetara goaz, Espainiako Epaitegi Gorenera, kasazio helegitearekin.
Abokatuek zer eskatzen duzue?
Absoluzioa. Eta horrek haien askatasuna ekarriko luke. Guk borrokatuko dugu benetan ez dela prozesu justu bat izan. Ez dela behar den bermeekin gauzatutako prozesu bat izan. Tarte horretan haien eskubideak urratuak izan direla, beraien errugabetasun eskubidea ere. Hori ere defendatu nahi dugu, zeharka bada ere, zeren Gorenak beste prozedura bat markatzen digu horretarako. Lehenik eta behin absoluzioa. Baina, gerora, hori ez bada, zigor arinago batzuk ere defendatuko ditugu, noski.
Eta fiskalak?
Beraiek eskatzen dute egun dagoen zigorra mantentzea. Ezin dute haratago jo. Ez dute helegiterik tartekatu horretarako eta terrorismo akusazio hori aurrera egiteko. Egun dituzten zigor gogor horiek mantentzea hori da eskatzen dutena.
Nolakoa izanen da epaiketa hori? Hainbat saio izanen ditu?
Egun bateko kontua izanen da. Epaiketa baino bista bat da. Kasu honetan ez da frogarik praktikatuko. Espainiako Auzitegi Gorenean egiten den prozedura hau gehien-gehiena idatziz aurreratuta dago. Alde bakoitzak badu aukera helegitea tartekatzeko eta bertan garatzeko, idatziz, bere argudio guztiak. Ondoren ematen zaio beste aldeari, inpugnatu nahi duten edo ez aztertzeko. Horren kontra egiteko aukera dute, idatziz. Berriz ere defentsei ematen zaigu, inpugnazio horren kontra idatziz alegazioak egin ahal izateko. Ondorioz, gaurko bistan eginen dena da ahoz defendatu jada idatziz aurreratutako hori. Eta, tarte honetan, gure idatziak aurkeztu genituenetik egundaino egon bada nobedaderik, garapenik, jurisprudentzian beste aurrekaririk izan bada, hori azpimarratzeko eta nabarmentzeko. Baina goiz bateko kontua izanen da. Aurrena, helegitea tartekatu ditugunok gure esposizioa eginen ditugu. Defentsa bakoitzak tartetxo bat izanen du hori garatzeko eta azpimarratzeko garrantzitsuen jotzen dituen gai horiek. Gero akusazioei tartea emanen zaie euren inpugnazioa defendatzeko.
Gorroto astungarria nabarmendu zenuten aurreko epaiketaren aurretik. Gakoa da, ezta?
Bai. Horrek ahalbideratu du zigor horiek bere gradu gorenean. Zigor Kodeak ahalbideratzen ditu zigor batzuk tarte batean, txikitik handira. Espainiako Auzitegi Nazionalak gorenera jo zuen, ahal zuen guztia. Horretarako astungarri hori baliatuz. Eta guk uste dugu astungarri horiek inondik inora ez direla aplikagarriak kasu honetan. Ahalbideratu nahi dute gorroto astungarria aplikatzea esanez guardia civilak, edo kolektibo hori, kolektibo berezitu eta kaltetu bat balitz moduan. Hori jurisprudentziak argiki baztertu du. Europan ere argi ikusi da gorroto astungarria ezin dela halako kasuetan erabili.
Epaitegiak astungarria kontuan izanez gero, Altsasuko auziaz aparte eragina izanen luke? Jurisprudentzia ezarriko litzateke?
Bai. Hori beste beldurretako bat da. Halako aitzakia-pean, eta kasu honek izan duen hedabide- eta politika-oihartzunaren eta presioaren ondorioz, saiatzea bide hori zabaltzen eta ondoren, interesatzen zaien heinean, horrelako astungarria erabiltzea bereziki zigortzeko kasu zehatz batzuk. Eta erabiltzeko zigor bidean esaten dena: etsaiaren kontrako zuzenbidea aplikatzeko, zigor gorrekin.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoaren epaian jaso zenez, auzipetu “guztiek eragin zituzten biktimen lesioak, nahiz eta kaltetuei egindako erasoa ezin izan den zehaztu”. Beti entzun izan dugu gertakari edo egitate zehatzak, demostratuak zigortzen zirela.
Kasu honetan beraiek egiten dutena da nahi duten horretan enkajea izateko, aldez aurreko planifikazio bat edo adostutako zerbait balitz bezala hartu, eta denek onartzen dute hortik atera daitekeena. Bestalde, ikusten baduzu zein den errealitatea, edo zein testuingurutan kokatzen diren egitateak, ikusten da hori, inondik inora ez dela posible. Gaueko ordu txikietan, taberna batean, parranda giroan sortzen den zerbaitetan ez dagoela horrelakorik. Gainera, ezin izan dutenez zehaztu norbanakoek zer parte hartze izan ahal zuten; benetan ez denez argiki ikusi bazeuden edo ez zeuden, sortu dute halako nahaste-borraste bat non guztiendako zigor gogorrenak banatu dituzten.
Bistara bueltatuz, auzipetuak presente izan behar dute?
Ez, ez dituzte horrelako bistetara eraman behar. Kasu honetan, gainera, Zaballako espetxetik Madrilerako traslado bat egin beharra suposatuko luke. Horrek eragiten dituen kalte guztiak. Eta familiendako kalteak ere. Halako zerbait saihestu da. Bista goiz bateko kontua izanen da. Bertan egonen gara, bai defentsak, bai akusazioak, bai publiko gisa senide batzuk. Akusatuek ebazpenaren beri jasoko dute. Guk bistaren nondik norakoen berri emanen diegu ere.
Auzia bideokonferentzia bidez segitzeko aukera izanen dute?
Ez. Bista oso gauza xumea da eta, normalean, ez dira halako baliabide teknikorik erabiltzen.
Aurreko bi epaiketetan bezala, begiraleak izanen dira honetan ere?
Ez. Kasu honetan Amnisty Internanionalek ikuskaritza prozedura egin zuen bere garaian. Prozesuak berak suposatu zuenaz eta epaiketa nola izan zen, irakurketa hori egin zuen. Ondorioztatzen du orain borrokatuko duguna.
Epaia noiz emanen duten jakiterik badago?
Asteazkenetik aurrera, epaileek hobesten dutenean. Gure ustez ez du luze joko. Baina ez digute horren berririk emanen. Jakinaraziko digute ebazpena egina dutenean.
Auzipetuek esana dutenez, asteazkenekoa “azken bataila da, ematen duen epaia bete beharko dugulako”. Hala da?
Bataila garrantzitsua. Ez dakit azkena, zeren egia da kontrako helegiteak tartekatzerik badagoelako. Baina funtsezko epaia izanen da. Irmotasuna hartuko du eta zigor hori betetzen hasiko direlako. Ondorioz, etorkizunean zigor horietatik suertatu daitekeena ondorio materialak izanen ditu hemen ere baldintzatuta geldituko lirateke. Zeren egun zigorra betetzen ariko lirateke.
Okerrenera jarrita helegiteak tartekatzeko aukera legokeela esan duzu.
Epaia irmoa litzateke eta beraiek lirateke, kasurik okerrenean, zigortutako presoak. Ondorioz bide-penitentziarioari aurre egin beharko litzaioke. Baina, paraleloki, epaiaren kontrako beste helegite batzuk tartekatu daitezke. Aurena, Espainiako Konstituzio Epaitegian babes-errekurtsoa. Gero Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegira jo ahalko litzateke. Baina ikusten duguna da bide horiek oso prozedura luzeak direla, urte askotakoak. Ordurako kaltea oso-oso larria izan daiteke.