“Gaurkoa bidegabekeria honen bukaera izan daiteke. Bertigo handia dugu”. Hala adierazi du Altsasu Gurasoak taldeko kide Bel Pozuetak gaurko epaiketak sorrarazten diena. Han izanen dira hainbat guraso. Aurreko egunetan Nafarroako eta Europako Parlamentuetan agerraldi bana egin dute Altsasu Gurasoak taldeko kideek.
Nafarroako Parlamentuan
Altsasu Gurasoak taldeko Amaia Amilibia eta Bel Pozueta Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean agerraldia egin zuten. Auziaren berri ematearekin batera eskatzera joan ziren gurasoak: “ausartak izan daitezela. Gauzak zehazten hasi daitezela. Nafarroako gizartean dagoen sentipenari erantzun diezaiotela: neurrigabetasun handia da eta bukatzeko garaia da. Politikoen esku dagoena egin dezatela, bai Nafarroan, bai Madrilen”. Pozuetak gaineratu zuenez, “konstituzio-parametro guztiak gaindituz, ereduzko zigorra jarri diete”, bereziki, hiru urteko espetxealdi prebentiboa salatu zuen. Baita haren jatorria izan zen “terrorismo” kontzeptuaren erabilera “hutsala”.
Amilibiak, berriz, “terrorismoa” dela eta Altsasuko Auzian urratu diren oinarrizko eskubideak zerrendatu zituen: baldintzapeko askatasunerako eskubidea, errugabetasun printzipioa, intimitatea eta ohorea, eta, bereziki, epaiketa justu bat izateko eskubidea. Parlamentariei gaztigatu zien: “espetxe zigor handiak izanda ere, gertaeretan gure seme-alaben ez egiletza ezta parte-hartzea ere ez dira demostratu. Lesioei garrantzia kendu gabe, gau penagarri hartan izandako lesio larriena orkatila baten haustura izan zen, identifikatu gabeko pertsona batek egina. Gainerako lesioak lesio arinak izan ziren”.
Haiekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide irakasle eta abokatu Paz Frances izan zen. Irakasleak hainbat lege-kontu izan zituen hizpide. “Auzi honetan giza-eskubideen urraketa etengabea izan da. Lege-desadostasunez haratagokoa den zerbait da hau, giza eskubideen auzi bat da”. Auzipetuei ezarritako zigorren proportzio falta eta espetxeratzearen ondorio psikosomatikoen berri eman zuen Francesek. “Auzipetuak gure lurraldean dauden gaitz pila baten pagaburuak sentitzen dira. Zigor handiak dituzte. Zigorrak ez dira dohainik, pertsonengan hainbat efektu dituzte. Gainera, euren bizitzaren erdialdean daude”. Atxiloketengatik, epaiketengatik eta zigorren neurrigabetasunagatik auzipetuak biktimizatuta daudela azaldu zuen. “Ondorioak ezagutuak, artatuak eta zainduak izan behar dute”.
Geroa Baiko Uxue Barkosek zigor kodea posta kodearen arabera aplikatzea salatu zuen. EH Bilduko Bakartxo Ruizek babesa azaldu eta bidegabekeria bukatzea beharrezkotzat jo zuen. Ahal Duguko Ainhoa Aznarezek “lege-aberrazioa da auzia” eta Nafarroatik ez zuela atera behar nabarmendu zuen. Eta I-Eko Maisa de Simonek “auziaren proportzio falta” salatu zuen eta ez zuela espero auzia hainbeste luzatuko zenik eta auzipetuak kartzelan hainbeste egonen zirenik espero.
Navarra Sumako Iñaki Iriartek erasotakoak izan ziren guardia civilei eta haien bikotekideei elkartasuna adierazi zien. Eta adierazi zuen garbi zuela “tabernako liskar bat ez zela”. PSNko Javier Lekunberrik Altsasuko Auziak terrorismoarekin zerikusirik ez zuela gaztigatu zuen, baina epaileen erabakia babestu zuen.
Europako agendan
Estrasburgoko bidea hartu zuten Altsasu Gurasoak taldeko Edurne Goikoetxeak eta Bel Pozuetak astelehenean. Europan auzia salatzera joan ziren beste behin. Europako Parlamentuko Europako Ezker Batuko eta Europako Berdeak taldeetako ordezkariekin bilerak egin zituzten. Parlamentari ugarik entzun zituzten haien azalpenak. Altsasuko Auziaren berri eman zieten eta, aldi berean, parlamentariei eskatu zieten Europako Batzordeari auziari “gertutik” jarraitzeko eskatzeko. Izan ere, Frans Timmermansek (erakundeen arteko arloko komisarioak) 2017ko irailaren 29an auziari gertutik jarraitzeko konpromiso pertsonala hartu zuela gogoratu zuten gurasoek eta konpromiso hori berresteko eskatu zuten. Parlamentari batzuk hori eginen dutela jakinarazi zieten.
ERCko Diana Riba Ginerrek Altsasuko Auziari aipamena egin zion Europako Parlamentuaren asteleheneko bilkuran. Ribak Europako Batzorde berriari eskatu zion Altsasuko Auzia gertutik segitzeko. Horrekin batera, Batzordeari eskatu zion “beharrezko neurriak hartzea Espainiako estatuak ez badu Europako Oinarrizko Eskubideen Kartaren arabera jokatzen”. Bestalde, Berdeak taldeko buruetako batek, Philippe Lambertsek, Timmermansekin aurretik hitzordua lotua zuen eta auziarekin 2017an hartu zuen konpromiso pertsonala gogorarazi zion.
Atzo, berriz, hainbat parlamentariorekin elkartu ziren. Unidas Podemos, Sinn Fein, EAJ, EH Bildu, IUko parlamentariek adierazpen bateratua sinatu zuten. Europako Batzordea berriari Altsasuko auziaz zein jarraipen eginen duen galdetu diote agiri horren bidez. “Adi egonen dira ea betetzen den. Europako Oinarrizko Eskubideen Karta gure kasuarekin oso lotuta baitago”, azaldu du Pozuetak. Izan ere, Kartako 47. artikuluak babes judizial eragingarria eta epaile inpartziala izateko eskubidea jasotzen baitu. Adostutako agiria gainontzeko parlamentariei pasako diete babesak jasotzen segitzeko. Izan ere, parlamentari sinatzaileek Altsasuko Auzia salatzen segitzeko parte hartzeko prest azaldu dira. Altsasu Gurasoak taldeko ordezkariak jasotako konpromisoekin pozik agertu dira.
Lautan Europan
Altsasuko Gurasoak taldeko ordezkariak Europan izan diren laugarren aldia da. Estreinakoa 2017ko garilaren 29an izan zen eta, besteak beste, estatuan egiten ari zen terrorismo delituaren erabilera okerra salatu zuten. Orduan 51 eurodiputatuk sinatutako adierazpena ekarri zuten. Egunetara fiskaltzak 275 urteko espetxe zigorra egin zuen. Bi hilabete geroago Europako Batzordeko lehen lehendakariorde Frans Timmermansek esan zuen gertutik segituko dutela Altsasuko auzia. Zigorren proportzionaltasuna eta oinarrizko eskubideak betetzen direla aztertuko zuela. Azken horrek Coviteren erreakzioa eragin zuen eta Altsasuko auziaren bere bertsioa emanez, Europako Batzordeko presidente Jean Claude Juckerri gutuna bidali zion azaroan.
Epaiketa egin ondoren, Gurasoen Bruselako bigarren egonaldia joan den urteko maiatzaren 28an egin zuten. Epaiketa justurako bermerik ez zela izan gaztigatu zuten. Lau egunetara epaia atera zen. Aurtengo martxoaren 20an izan ziren hirugarren aldiz. Portugal, Flandria eta Irlandako hainbat parlamentarirekin bildu ziren. Lau egunetara Altsasun 60.000 pertsonak auzia salatzeko manifestazioa egin zuten.