Epaiaren zain, hirugarrenez

Guaixe 2019ko ira. 19a, 18:18

Espainiako Auzitegi Nazionalak bitan epaia eman ondoren Goreneko atzoko bistaren ondoren aurkeztutako helegiteen inguruan epaia noiz iritsiko zain gelditu dira aldeak.

Altsasuko Auzia Nafarroako epaitegietatik Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuen Coviteren terrorismo delitu salaketa. Eta auzipetuek fiskalaren 375 urteko espetxe zigor eskaerei (12 eta 62 urte artekoak) egin behar izan zioten aurre joan den urteko udaberriko epaiketan. 2018ko garagarrilaren 1ean jakinarazi zen epaiak eta auzipetuek 2 eta 13 urte arteko espetxe zigorra jaso zuten, 67 urte guztira. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoak martxoaren 7an ezagutarazi zuen epaia berretsi zuela (Iñakiri lau urte murriztu zion zigorra). Espainiako Auzitegi Gorenak aurki emanen du Altsasuko Auziari buruzko hirugarren epaia, atzo egindako bistan aldeen iritziak entzun ondoren. 

Defentsak 
Abokatuek aurretik epaitegian idatziz absoluzioa eskatuz aurkeztutako helegitea ahoz defendatzeko hamarna minutu izan zituzten. Guztiek eskatu zuten altsasuarren absoluzioa. Aurrena Amaia Izko izan zen, Jokin (12 urteko espetxe zigorra) eta Ainararen (2 urte) abokatu da. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Concepcion Espejel epailea errekusatu zutela gogorarazi zuen lehenik (guardia civil baten emazte eta erakundearen domina jasoa delako). Izkok gaineratu zuen ezin dela Jokinen parte hartzea frogatu eta haren errugabetasun-presuntzioa urratu dela. Eta gaineratu zuenez, agenteek eta haien bikotekideek Jokinez esandakoa (ukabilkadak, ostikoak eta bultzadak eman zituela) ez zetorren bat izan zituzten lesioekin. “Akzioetako bat bera ere ez dator bat lesio larrienarekin: hanka koxkor hautsia”. Jokini bitan egotzi zioten aginteari aurre egitea (taberna barruan eta kanpoan), baina bere abokatuaren arabera behin bakarrik egotzi beharko liokete delitu hori. Horrek zigorra nabarmen murriztuko lioke. Gaineratu zuen epaian Jokin zigortzeko inolako elementurik ez dela jaso. Bestalde, Ainarari desordena publikoak egotzi zioten. Izkok argudiatu zuen talde bateko kide besterik ez zela, “epaian ez da zehazten zertan zetzan delitu hori” eta Ainararen epaia baliogabetzea eskatu zuen. 

Jaime Montero Oihanen (13 urte) abokatua da eta auziaren ikerketa Guardia Civilak hartu zuela gogoratu ondoren hori ez dela “gomendagarria” gaztigatu zuen, “ikertzaile eta biktima rolak nahasten direlako”. Oihan identifikatzeko egindako argazki eta talde ezagutze-saioko irregulartasunak salatu zituen (azal ilunekoak ziren eta Altsasukoak ez zirenekin batera jarri zuten). “Halakoetarako legeak esandakoa ez da bete”. Epaian identifikazioen partzialtasunari aipamen eskasa egiten zaiola nabarmendu zuen. Eta gogorarazi zuen Gartzia Ximenez kaleko bideoa eta emakumezko salatzaileetako baten irrati elkarrizketa bat froga gisa atzera bota zituztela, baina ez 2015eko Ospa Eguneko bideoak. Monterok nabarmendu zuenez, “ikerketa okerra da, instruktoreak salatzaileen bertsioa bere egin zuen eta ez zuen defentsaren frogarik onartu, defentsa gabezia sortuz”. 

Jaione Carrera Adurren (12 urte) abokatua da. Aginteari aurre egitea eta lesio delituengatik ohikoak baino zigor handiagoak jarri dizkiotela nabarmendu zuen. Azpimarratu zuen ez daudela nahikoa froga hark liskarrean parte hartu zuen edo ez ebazteko. “Epaiak dio ezin dela argi frogatu Adur etxean lo zegoela eta hori erabiltzen dute bertan egon zela frogatzeko, eta ez alderantziz. Dauden zalantzak egonik ulergaitza da Adur zigortzea”. Foruzaingoak eta Paulettek Adur ez zutela identifikatu nabarmendu zuen. Carrerak gogoratu zuen ETBko frontoiko irudietan bere defendatuak beste arropa batzuk zituela eta ez salatzaileek esaten dutena. Abokatuak nabarmendu zuen inolaz ere ez zela frogatu aldez aurretiko plan bat zegoenik Adurri hots egiteko ezta etxean egon ondoren tabernara joan zenik. Adurren kasuan errugabetasun printzipioa eta benetako babes judiziala urratu direla gaztigatu zuen. 

Jose Luis Galan Iñakiren (6 urte) eta Aratzen (9 urte) abokatua da eta salatu zuen hedabideek “hasieratik terroristatzat” jo dituztela auzipetuak. Epaile naturalerako eskubidea urratu zitzaiela azaldu zuen. Espejel epailearen partzialtasun falta salatu zuen eta haren errekusazioa eskatuz aurkeztutako helegitea Espejelek berak atzera bota zutela gogorarazi zuen. Galanek salatu zuen prozesuak ez zituela beharrezko bermeak izan eta “eskandalutzat” jo zuen prozesu osoa. Bere bi defendatuak liskarrak izan ziren inguruan ez zirela izan gaztigatu zuen. “Horregatik epaiak hain gutxitan aipatzen ditu”. Horrekin batera, ezagutze-saioan erabilitako gainontzeko argazkiak erabat desberdinak izan zirela salatu zuen. Gogorarazi zuen sei lekukok Aratz erasoaren lekutik kanpo kokatu zutela, baina epaileak ez zuela haien esana baloratu. “Iñakiren epaiari eutsiko dion inolako lege-oinarririk ez dago. Sarjentuak soilik ezagutu zuen. Parean zuen, foruzainak iritsi zirenean mugikorrarekin grabatzen ari zelako. Kolpe batez telefonoa lurrera bota zion. Baina ez du ez identifikatzen erasoko egile gisa, ez atxilotzen. Ezagutze-saioan identifikatu zuen, gezurretan ari zela jakinda”. Iñaki tenientea eta Mari Jose anbulantzian eramanak izan ondoren agertu zela azpimarratu zuen. 

Biei “desordena publikoa egozten diete, baina epaiak ez du halakorik aipatzen, ez dago frogaturik eta, are gehiago, ez zegoen bake publikoa nahasteko asmorik. Horrek aske utzi beharko gintuzke”. Guardia Civila ez dela kolektibo zaurgarria eta ideologia diskriminazioa argudiatzeak ez duela zentzurik esan zuen Galanek. “Hori onartzeak esan nahiko luke guardia civil guztiek ideologia bera dutela, eta hori onartezina litzateke zuzenbide estatu batean”. Ezarritako zigorrak ohi baino altuagoak izatean “proportzionaltasun printzipioa” hausten dutela gaztigatu zuen. Lesioak arin gisa hartzea eskatu zuen. “Justizia eskatzen dugu, ez inpunitatea”. 

Manuel Olle Jon Anderren (9 urte) eta Julenen (9 urte) defentsaz arduratu zen (Eva Gimbert Jon Anderren abokatua da, baina bajan dago). Hasieratik frogak ez zitzaizkiela onartu gaztigatu zuen. “Eta lekukoak ez dizkigute onartu”. Julen ezagutu zuten bakarrak salatzaileak izan zirela nabarmendu zuen. “Ez daude proba gehiago. Ez dakite auzipetu bakoitzak zein akzio egin zuen, eta ezin dituzte liskarrean kokatu”. Ezagutze-saioak egiteko moduarekin kexu azaldu zen. Ollek gogorarazi zuenez, Julenek inork ez zuela eraso esan zuten lekuko guztiek. 

Salatzaileek Jon Anderri instrukzio garaian eta epaiketan ekintza desberdinak egotzi zizkiotela eta kontraesan horiek nabarmendu zituen. Lekukoek Jon Ander 05:00ak baino lehen beste taberna batzuetan kokatu zutela ere gaineratu zuen. “Paullettek esan zuen Jon Anderrek ez lukeela akusatuen aulkian egon behar, han ez zegoelako”. Iñakik grabatutako bideoan agertzen da Jon Ander sarjentuarekin hizketan eta hark esan zion: “ez daukat ezer zure aurka” (bideoaren 2:40 minutua) . Abokatuak proportzionaltasun printzipioa urratu dela salatu zuen. Lesio larriena hanka koxkorra haustea izan zela esan eta kalte psikologikoek kausa-efektua izan direnik ezin dela frogatu gaineratu zuen. Abokatuak azaldu zuenez, akusatuak leku desberdinetan kokatu eta bakoitzari egiletza jakin bat egotzi arren, guztiei modu berean ezarri dietela epaia. Nagusitasun astungarria gaizki ezarri zela gaineratu zuen. Ollek “proportzionaltasuna” eskatu zuen. 

Fiskaltza eta akusazioak 
Alvaro Redondo fiskalak esan zuen epaiketan errugabetasun printzipioa errespetatu zela. Eta gogoratu zuen auzitegiari dagokiola zein lekuko onartu edo ez erabakitzea. Nabarmendu zuen epaimahaiak aho batez ebatzi zuela akusatuak erasotzaileak zirela. Hala erantzun zien ezagutze-saioak kritikatuz abokatuek esandakoei. Espejelek Guardia Civilaren domina jaso izana eta agente baten bikotekidea izatea ez dela baldintzagarria esan zuen. Berak halako domina baduela gaineratu zuen. Fiskalaren ustez “frogatutako egitateek argi uzten dute guardia civilak zirelako” eraso zituztela, “Espainiari, Erregeari eta Konstituzioari fidela den erakunde bateko kide izateagatik”. Horregatik, ideologia astungarriari eustea aldarrikatu zuen. Azkenik, defentsen helegiteak ezestea eskatu zuen. Redondok ez zuen terrorismoa sekula aipatu eta ezarritako zigorrak mantentzea eskatu zuen. 

Akusazioek ere defentsen helegiteak ezestea eskatu zuen. Haren iritziz, errugabetasun presuntzio urraketarik ez zen izan. Asociacion Unificada de Guardias Civilesek fiskaltzaren eta Estatuko Abokatuaren esanak bere egin zituen. Coviteko abokatu Ruben Mugikak azaldu zuen epaia Apelazio Aretoan errebisatua izan zela eta hura hirugarren buelta zela. Ezagutze-saioak bere garaian ez zirela inpugnatu eta irregulartasunak epaiketa aurretik salatu behar zirela eta ez zela hala egin esan zuen. Nagusitasun astungarriaren alde egin zuen Covitek, “erasoa hasi zenean gutxienez 25 pertsonek biktimak inguratzen baitzituzten. Beldurrarazte egoera bat dago”. Ideologia astungarria ere onartzea eskatu zuen, “Guardia Civilaren kontrako zirikatze kanpaina baten barruan gorrotoa dago. Zirenagatik eta ordezkatzen zutenagatik eraso zituzten”. 

Espainiako Auzitegi Nagusiko Apelazio Aretoko auzian bezala, Gorenekoan ere ez zen izan Jaime Zuza abokatua. Bera da bi emakumezko salatzaileen ordez akusazio partikularra egin duena.