Espainiako Auzitegi Nazionaletik kanpo egiten den aurreneko auzia izan zen herenegungoa.
Printzipioz, bai. Ikusten dugu ez gaudela Espainiako Auzitegi Nazionalean, horrek suposatzen duenarekin. Baina herenegun fiskalaren eta akusazioen aldetik entzun genuenarekin… Kontakizun bera entzun genuen. Eta egoera bera bizi izan genuen. Duela urte batzuk esaten zen Espainiako Auzitegi Nazionaletik aterata Gorenak gauzak hartzeko beste irizpide bat zuela. Zuzentzeko aukera zegoela. Gure kasuarekin ez dakit zer gertatuko den, aldaketa sumatuko den ala ez.
Itxaropena atzo hor zegoen presente. Eta gaur ere izanen duzu, ezta?
Itxaropenik gabe ezin dugu aurrera egin. Guk gure itxaropena landu dugu jendearen elkartasunarekin batera. Guk jendearen babesetik indarra hartu dugu. Eta jarraituko dugu. Ikusiko dugu epaia noiz etortzen den. Edo zer ekartzen duen. Baina horren arabera ere, guk buruan dugu justizia aldarrikatzen segitu behar dugula. Nahiz eta justizia jada ezin den gauzatu, gure semeek kartzelan hiru urte eta 500 egun inguru artean daramatzatelako, prozesuarekin segituko dugu, ahalik eta lasterren bukatzeko.
Abokatuen adierazpenak argiak izan ziren.
Eskubideen urraketa oso handia izaten ari da. Espainiako Auzitegi Nazionalean entzundako gauza bera entzun genuen herenegun. Ez dago modurik esandakoari gehitzeko. Aldi berean, atzean zer argudio politiko dagoen entzuten dugu, Guardia Civilaren hitzak zer nolako indarra duen eta nola baldintzatzen duen prozesu guztia. Hor dago gakoa. Gorenak zer eginen duen. Zer eragin izanen duen fiskalak esandakoa: Espainia, Konstituzioa eta Erregea. Ez dakit.
Zer transmititu zenieten parlamentari eta senatariei? Zer jaso zenuten?
Bai Madrilen bai Estrasburgon eskatzen duguna da Espainiako Estatuan dauden eskubide urraketak salatzea. Salaketa hori hainbat erakundeetara eramatea. Ikusten dugu gure kasua erabat politikoa bihurtu dela. Politikoa bada, politikarekin zuzendu daiteke. Politikariei ere tokatzen zaie. Beraiek ikusiko dute zer nolako eszena-tokietan edo non. Argi dago gure kasua erabat politika bihurtu dela, orduan borondate politikoarekin amaitu daiteke.
Espetxeratuak nola daude?
Kasu honekin, sufrimendu honekin bukatzeko bide bat da. Beraiendako zer gertatuko den oso garrantzitsua da. Guri gertatzen zaigun moduan beraiek ere errespetuz eta zuhurtasunez ikusten dute. Aldi berean, beldurrez. Euren bizitzekin, euren etorkizunarekin zer gertatuko den hor erabakiko da. Bertigoarekin. Zer erabakiko den lehenbailehen jakin nahi dute.
Epaia noiz etorriko da, 20 egunen bueltan?
Edo gaur bertan. Herenegun kazetarien zurrumurru asko entzun genituen. Ez dakigu nongo iturriak dituzten. Baina ziur gaude informazioa eta berria hedabideek gure aurretik jakinen dutela. Besteetan bezala. Badakigu hori ere eskubide urraketa bat dela. Gure seme-alabek zuzenean jakin behar dute zein den erabakia, lehenak izatea. Epaiaren berri filtrazioen bitartez jakinen dugu berriro ere. Horrek gure sufrimenduari beste ale bat gehitzen dio. Noiz? Ez dakigu. Gaur izan daiteke, hiru aste barru izan daiteke. Badirudi azkar jasoko dugula, gure semeak kartzelan daudelako. Aldaketa onerako izanen balitz, berria azkar jasoko genuke.
Bitartean eutsi behar.
Dudarik gabe. Herenegun Madrilen egon ginen. Mugarri bat hor zegoen. Heldu gara. Epaiaren arabera, buruan dugu ere mobilizazioak antolatzea. Horregatik, orain arte gurekin egon den gizarteari adi egoteko. Gu ez gara etxean geldituko. Justizia ez bada, gutxienez, gure seme-alabak aske izan arte lanean jarraituko dugu.