Enpresa berri bat lanean ari da Isasian

Guaixe 2019ko ira. 21a, 10:36

Alai Ecotermoformados enpresan 13 langile hasi dira lanean, eta hazteko asmoa dute. Elikagaiendako bandejak egiten dituzte. 

Irungo Plasticos Alai enpresak bere ekoizpenaren zati bat Altsasura ekarri eta enpresa berri bat sortu du: Alai Ecotermoformados. Lantegiko zuzendari nagusi Iñigo Intxausti Mazkiaranek azaldu digunez, Irundik makina guztiak agorrilean ekarri zituzten eta lanean irailean hasi dira. Isasia industrialdean dago kokatuta, aurretik Fiberblade, Fluitecnik eta Getting enpresak hartu dituen lantokian. 18.000 metro karratuko partzela batean 6.000 metro karratuko pabiloia du. 

Intxaustik esan digunez, “gure teknologia termoformatua da. Eco hori jarri diogu, enpresa berri bezala gaur egun gizarteak eskatzen dizkigun beste gauza horiek eman nahi ditugulako: ingurumenarekin joera arduratsua izatea eta horiek guztiak”. Intxaustik azaldu digunez, enpresa berrian birziklatutako plastikoekin edo birziklagarriak diren plastikoekin lan eginen dute. “Hori da gure politika berria. Gaur egun ingurumenarekiko ardura handia baitugu”. 

Alai termoformados enpresan material horrekin elikagaiendako bandejak edo erretiluak egiten dituzte. “Esaterako, Arruabarrenaren palmerak jartzeko erretiluak”. Intxaustik esan digunez, “Nafarroako barazkiendako edo edozein elikadura produkturendako erretiluak fabrikatu nahi ditugu. Hori da helburua”.  

Kokapenaz
Enpresa berria Altsasun ezartzearen zergatiaz galdetuta, Intxaustik aipatu digu bera altsasuarretik baduela, ama bertakoa delako. “Egia esan ez gara horregatik etorri. Duela urtebete hasi ginen leku berriak begiratzen. Guk Irunen enpresa duela 44 urte sortu genuen. Han 100 langile gaude. Hazten ari ginen eta lekua txiki gelditu zitzaigun eta beste leku bat behar genuen handitzen jarraitzeko”. Gipuzkoa aldean toki bat opatzen saiatu ziren, “baina ez zeuden guk behar genituen tamaina eta baldintzak. Etxarri Aranatzen Ufesa izandakoa ere begiratu genuen. Azkenean, Altsasuko aukera hau atera zen. Azpiegiturak oso ongi daude. Aproposa, fabrika berri bat egiteko oso leku polita”. 

Irunen egiten zuten ekoizpena Altsasura ekarri dute eta horrekin hasi da lantegia lanean. “Asmoa da hurrengo urteetan haztea eta, gutxienez, gaur egiten duguna bikoiztea”. Intxaustik argitu digunez, horretarako “aukerak badaude. Azkeneko urteetan leku faltagatik proiektu asko ezin izan ditugu egin. Guk % 50 baino gehiago Frantzian saltzen dugu. Gure jatorriagatik, Irunen egonda, hori zen gure joera naturala kasik. Ezin izan ditugu proiektu asko kudeatu. Gaur egun fabrika berri honekin hori guztia berriro hartu dugu. Asmoa da azkar proiektu berri eta itxitako asko mahai gainean jarri eta horietako batzuk aurrera eramatea”. 

Enpresa berrian 13 altsasuar hasi dira lanean, ekoizpenean. Kudeaketa nagusia (merkataritza-kudeaketak, finantzak…) oraindik Irundik kontrolatzen dute. “Asmoa da, enpresa desberdina izanda, hau hazten den heinean, bertako merkataritza-arduradunak-eta jartzea. Bitartean ni bezalako langileak goizean Altsasun eta arratsaldean Irunen gaude. Bi enpresak anai-arrebak izanda, desberdinak dira. Bakoitzak teknologia bat dauka. Irunen estrusiokoa daukagu eta Altsasun termoformatua ekarri dugu. Hura askoz ere industrialagoa da eta Altsasukoa elikagaietara gehiago begiratzen duena”. Altsasun elikadurari buruzko BRC eta ISO 14.001 araudiak daude indarrean.  

Enpresa Altsasun ezarriko zela apirilean jakinarazi zuten eta e-posta bidez 400 bat curriculum jaso zituzten. Haien artean aukeratu zituzten egungo langileak. Proiektuaren beste fase batean kontratazio gehiago egitea aurreikusten du Intxaustik. Asmoak beteko balira Altsasuko langileen kopurua bikoiztu eginen litzateke. Intxaustiren aitortza: “asmo bat oso argi daukat nik: bertako jendearekin egin nahi dut. Sakanakoak izan behar zuten. Eta altsasuarrak baldin baziren, hobe. Lantegira oinez etorri ahal izatea beti da oso pozgarria”.  

Erlazionatuak