Antzezlan bat sortu, eta beste hainbat gauza gehiago

Guaixe 2019ko ira. 20a, 09:45
2018ko antzerki tailerraren parte hartzaileak entsegu batean. ARTXIBOA

Altsasuko Iortiako antzerki tailerrean izena emateko epea zabalik dago astelehenera, irailaren 23an, arte

Antzerkia egitearen onurak asko dira. Antzezlan bat taularatzea gutxienekoa da, hoberena bidean ikasten den guztia da. Altsasun urteak daramatzate Iortiako antzerki tailerra antolatzen, eta urtero "talde polit" bat ateratzen dute. Baina geroz eta jende gehiago "hobe" dela esan du Birjiñe Albira tailerreko zuzendariak. Antzerki tailerra urrian hasiko da eta datorren martxora arte iraungo du. Orduan, parte hartzaileek antzezlan bat taularatuko dute. Berezitasuna da tailerrean bertan sortzen dutela antzezlana, bakoitzaren sortze prozesuaren eta lanaren bitartez.

Antzerki tailerra Altsasun egonkortuta dagoen jarduera bat da. Bertatik hamaika altsasuar pasatu dira, eta badira esperientzia errepikatzen dutenak ere. "Zortzi pertsonako talde bat osatu dugu, errepikatzen dutenak". Badira probatzera joaten direnak eta gelditzen direnak, eta itzultzen ez direnak ere. Probatzeko deia egiten du Albirak: "Lehenengo gauza da gustura egotea eta talde bat izatea. Talde baten zati zarenean hor egon behar zara, eta zaila da joatea". Antzerkiak "emozionalki" harrapatzen zaituela esan du zuzendariak.

Adinari dagokionez "heldutasuna" eskatzen da, beraz, hamasei urtetik gorakoendako tailerra da. Baina, bestela, "adin tarte guztiak" dira ongietorriak. "Oso aberasgarria da adin desberdineko jendea egotea. Haien artean asko ikasten dute, eta ez bakarrik gazteek heduengatik, helduek gazteengatik izugarri ikasten dute ere". Izan ere, lan bat sortzean iritzi desberdinak "ona" direla dio.

Albirak azaldu duenez, tailer guztieta ez da bukaeran antzezlan bat taulartzen, baina Iortiako antzerki tailerrean hori da helburua. "Horrek balditzatzen gaitu". Beraz, hasieratik pertsonaiak sortzeko, elkar eragiteko eta istorioa sortzen joateko teknikak erabiltzen ditu zuzendariak. "Teknikak ez ditut izendatzen. Jokoen bidez eta ongi pasatzen sortzen dugu".

Autoestimua
Antzerkia ez da psikologia, baina antzerkiak onura asko ditu: "Oso askatzailea da. Buruan daukazuna eta emozioak transmititzeko bide ona da". Izan ere, antzerkia egiteko "zure burua ezagutu" behar duzu. Ondorioz, "zure burua babesten" ikasten da: "Autoestimua lantzen da modu izugarri batean, izan ere, mundu guztia zuri begira dago, zuk sortu duzun zerbait defendatu behar duzu, eta zati garrantzitsu bat zara".

Lotsa kentzeko "primerako" jarduera da antzerkia ere. "Jokoen bidez hasten gara, pixkanaka, lotsak gainetik kentzen". Konturatu gabe "nahi dugun" tokira iristen direla aitortu du Albirak. Taularen gaineko lotsak kendu ez ezik, egunerokotasunean baliagarriak diren aspektuak ere lor datiezke antzerkiarekin, besteak beste, "lotsaren aurretiko jarrera hartzen".

Erlazionatuak

Antzezlan mamitsua

Alfredo Alvaro Igoa 2019 mai 06 Altsasu