XXI. mendeko juglareek Altsasun geldialdia eginen dute

Guaixe 2019ko ira. 20a, 12:48
Anhinojo Folk taldeko kideak. UTZITAKOA

Anhinojo Folk Extremadurako taldeak kontzertua eginen du bihar, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean

Izan bazen garai bat non etxeetan ez zen telebistarik, ez ordenagailurik, ezta irratirik ere. "Garai horretan familiak eta lagunak sukaldean bildu ohi ziren animoak bazituzten, abesten zuten". Gertakarien berri izateko modu bat zen. Noizbehinka ere herrietan beste lekuetan gertatzen zenari buruz albisteak zabaltzen zituen jendea agertzen zen: juglareak eta erromantze-kantariak ziren. Garai horretan kantatzen eta kontatzen ziren pieza asko galdu dira, izan ere, belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititu dira.

Extremaduran bada pertsona bat duela 40 urte baino gehiago herri kantak biltzen hasi zena. Grabatzeko zintekin Extremadura iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera zeharkatu du adineko jendeari gogoratzen dituen kantak abesteko eskatuz. "Ez dakit zenbat zinta izango ditudan". Jose Mari Diaz da, Anhinojo Folk taldeko kidea, eta bihar, larunbata, 19:30ean, kontzertua eskainiko dute Altsasuko Iortia kultur gunean. Etxtremadurako kultur astearen baitan etorriko da "luxuzko" taldea Altsasura, La Encina kultur elkarteak gonbidatuta.

"Abesti berdina etxe berdinean beste modu batera abesten dute". Oroitzapenetan oinarritutako abestiak interpretatzen ditu Anhinojo Folk taldeak. Hala ere, behin abestia jasotzen duenean, ikertzen dute eta moldatzen dute. "Ondorioz, guk abestia zen moduan uste dugun bezala interpretatzen dugu". Kantutegia prestatu nahi du, abesti gehiago ez galtzeko asmoz.

Mota guztietako abestiak daude Anhinojoren Folk taldearen errepertorioan, eta lekuaren eta denboraren arabera emanaldia moldatzen dute. "Altsasun ordu bat egongo garenez, gutxi gora behera mota bakoitzetik abesti bat egingo dugu". Izan ere, Dieazek azaldu duenez, Etxtremaduran ohikoa zen edozer gertatzen zenean abesti bat egitea, eta, ondorioz, "antzeko" abesti asko gordetzen ditu. Taldea sei pertsonek osatzen dute, eta urteekin aldatuz joan da.

Gertakariak
"Norbait haserretzen zela, ezkontza bat zegoela, txerri-hilketa ospatzen ari zirela... denetarako kantatzen zen lehen". Ogibideen kantak, erromantzeak, txerri-hilketa abestiak, ezkontzakoak, errondakoak... Anhinojo Folk taldean mota guztietako abestiak daude, eta guzitak instrumentu "tradizionalekin" jotzen dituzten, hau da, "sukaldeko tresnekin": "etxean zutena erabiltzen zuten". Gainera, "mozkor mailaren" arabera gehiago edo gutxiago abeste zela azaldu du.

Erlazionatuak