Aierraren esanak herrira bueltan

Guaixe 2019ko ira. 28a, 10:18
Rafa Blanco, Teresa Aierra, Javier Ollo eta Jon Jimenez. Argazkia: Nerea Mazkiaran Zelaia.

Dagoeneko liburu-dendatan dago No me avergonce del evangelio edizio berria.

Marino Aierra Redinen No me avergonce del evangelio liburuaren edizio berria aurkeztu zen Altsasun astelehenean. Iortia kultur guneko areto txikia beteta zegoela, Marinoren alaba Teresak, Aierraren bizitzan aditua den Rafael Blancok, Javier Ollo Martinez alkateak eta liburuaren prologoaren egilea eta Jon Jimenez Txalaparta argitaletxeko editorea izan ziren hizlari. Liburu horretan 1936ko estatu kolpearekin batera Altsasura apaiz iritsi zen Aierrak hurrengo hiru urteetan herrian bizitakoak jaso zituen. Eta horrek liburua Altsasuko historia-memoriaren ezinbesteko lekukotza bihurtu du. 

Aierrak liburua 1958an argitaratu zuen Periplo argitaletxean, Argentinan. Bera bizi zela beste bitan berrargitaratu zuten liburua. Haren aleetako batzuk ezkutuan Altsasura iritsi ziren. Laugarren argitalpena 1978an izan zen eta mende hasieran bosgarrena iritsi zen. Oraingo hau egiteko Altsasuko Udalak7.000 euroko diru-laguntza eman zuen.