Aierraren “No me avergonce del evangelio” liburuak 60 urte bete ditu

Guaixe 2019ko urt. 19a, 09:42

Gerra Zibilean zehar Altsasun apaiz izandakoak herrian bizi izan zen errepresioa jaso zuen liburu horretan.

Despeditu berri den urtean Altsasuko historia-memoria hobe ezagutzeko ezinbestekoa den liburu baten 60. urteurrena bete da. Izan ere, Marino Aierra Redinek (1903-1988) No me avergonce del evangelio. Desde mi parroquia de Alsasua liburua 1958an argitaratu zuen. Eta eguberrietako oporren aurretik Aierraren obraren ikerlari Rafa Blanco Arbek Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) izan zen liburuaz hizketan.


Marino Aierra Redin.

Eta Aierraren biografiaren zertzelada batzuk gogora ekarriz hasi zen: “Aierra apaiza zen, Irunberrikoa. Oso ikasle ona. Intelektual handia. Erroman eta Frantzian ikasten ibili zen. Nafarroako herri batzuetan apaiz-laguntzaile izan zen. Iruñeko seminarioan eta San Nikolas parrokian baita. Eta halako batean Altsasuko parrokiara etortzeko eskatu zuen”. Eskaera hori egiteko Aierrak berak esandakoak gogorarazi zituen Blancok: “nonbait Altsasu oso herri errepublikazalea zen eta garai hartan parroko zebilen gizona, Marino Aldabe (el gordo), ez zen batere ongi moldatzen herriko jendearekin. Ika-mika asko zeuzkan eta Aierrak horretaz bazekien zerbait eta Marzelino Olaetxea gotzainari Altsasura etortzeko eskatu zion”. Blancok gaineratu zuenez, “nahiko asmo garbia zuen. Berak ez du esaten, baina niretako da Aierrak zuen erronka nahia. Bazituen helburu, ez dakit, batzuetan zailak. Hori dela eta, Altsasura etorri zen”.


Marino Aierra Redin Otadiko Kristo Deuna ermitan meza ematen.

Aierra Altsasura 1936ko garilaren 16an iritsi zen, estatuko kolpea baino bi egun lehenago. “Gero etorri zena ez zuen inork espero. Ez Marinok, ez inork. Nafarroan errepresio bortitza izan zen. Espero zitekeenaren kontra Aierrak oso jarrera aktiboa, kritikoa eta ausarta hartu zuen. Gertatzen ziren erailketak eta errepresioa oso gogor salatu zituen pulpitutik, bai apezpikuarekin izan zituen elkarrizketetan ere”. Apaizak bi salaketari aurre egin behar izan zion. “Gerra Zibilak oso zauri sakona eragin zion Aierrari”.

Blancok Sakanako irrati euskaldunean gaineratu zuenez, “Altsasuko herria oso eskertuta zegoen harekin. Baina gerraren aurrean izan zuen gogoetaz aparte, apaiza izatearen egitateaz ere gogoeta egin zuen eta apaizgoa uzteko erabaki irmoa hartu zuen”. Gerra bukatutakoan izan zen hori, 1939an. “Liburuan kontatzen du hori”.

Hego Amerikara
Uruguaiko apezpiku bat Iruñera bisitan etorri zela baliatuta, hara joateko baimena eskatu zion Aierrak. Uruguaiko parrokia batean aritzeko aukera eman zioten. Blancok azaldu zuenez, “kontua da Altsasuko jendeak asko maite zuela. Berak Altsasuko herria ere pila bat maite zuela. Liburuan oso ongi deskribatzen du nolakoa izan zen agurra: negu gogorreko egun batean, elurra egin zuela eta tren geltokian”. Uruguaira joan eta hilabete gutxietara apaizgoari utzi zion, 1940an, Salton. “Apezpikuari eskutitza idatzi zion eta ile-apaintzaile hasi zen. Intelektual handia zenez, hizkuntza pila bat zekizkienez, latin eta greziera irakasle baita ere”. Gerran bizitakoaz idazten hasi zen. “Gero No me avergonce del evangelio liburua izanen zena”.


Marino Aierra Redin bi alabekin.

Hasieran Uruguain izan zen. “Dena dela, Iruñeko artzapezpikutzak saiatu ziren Espainiara eramaten, apaiz joan zelako eta dagoeneko ez zelako. Barne Ministroarekin hitz egin zuen eta esan zion ez zuela arazorik Uruguain segitzeko. Hala ere, Argentinara aldatu zen”. Han Andaluziako errepublikazale batzuen alaba batekin ezkondu zen. Hainbat lan izan zituen: laborari, hiltegi batean eta hainbat hizkuntzaren itzultzaile (portugesa, frantsesa, latina, italiera…).



Liburuaz
Blancok azaldu zuenez, “batez ere, garrantzitsuena izan zen bere liburua bukatzea, argitaratzea eta Europara ekartzea. Nonbait, liburua argitaratu baino lehen jende askori aholkua eta zuzenketak egiteko eskatu zion. Besteak beste, Manuel Irujori, Constantino Salinas altsasuarrari, Indalecio Prieto buruzagi sozialistari…”.

Aierraren lanean aditua den Blancok esan zuenez, “berak idatzitako eskutitzetan ikusten dugu Aierrak goi asmo oso handiak dituela. Liburuaren arrakasta handia aurreikusten zuen. Gero izan zuena. Baina izan zuena baino handiagoa. Zeren prest zegoen frantsesez, italieraz eta ingelesez ere emateko”. Hori ez zen gertatuko. Buenos Airesko zenbait argitaletxeri bidali zien liburua baina bat bera ere ez zen prest agertu. Ordurako bi alaba zituen. “Berak argitaletxe moduko zerbait sortzeko gainkarga hartu zuen”. Periplo izena eman zion eta horrela argitaratu zuen liburua. “Dirua ere ez zuen sobera. Baina, hala ere, inbertsioa egin zuen”.

Liburuaren ale batzuk Argentinan banatu zituen, “baina batez ere Europara bidali zituen. Hemen bazegoen sare bat eta haren buru beste altsasuar bat zen, Martin Soler Zangitu”. Errepublikazalea, gerrakoan borrokan aritutakoa, Frantziako Oloronen bizi zen eta Aierra ezagutzen zuen. Berak liburuak jasotzen zituen eta Frantzian zeuden espainiar errepublikazaleen artean banatzen zituen, han legezkoa baitzen. “Espainian Franco zegoen eta guztiz debekatuta zegoen. Hala ere, aleka-aleka, klandestinoki ekartzen zituzten”.


Martin Soler Zangituri Robert Capak Oloroe-Donamariako Gurseko kontzentrazio-esparruan egindako argazkia.

Blancok azaldu zuenez, “liburuak arrakasta polita izan zuen. Bigarren argitaraldi bat egin zuen Argentinan ere. Bera arduratzen zen bidalketaz, kontuak eramateaz, Olorongoekin harremanak izateaz. Egia esan, liburu horrek inpaktu handia eragin zuen. Kontatzen zituen bizipenak oso gogorrak ziren. Ez bakarrik nola gauzatu zen frankisten errepresioa, erailketa sistema, errepresioaren latza. Baizik eta eliza katolikoarekin zituen desadostasun sakonak. Halako moldez, eliza katolikoarengan fedea galtzeraino iritsi zela Aierra”.

Liburuan bi ildo ikusten ditu Blancok: “bata da, gerraren eta frankismoaren gaitzespena. Eta, gero, eliza katolikoaren dotrina bera goitik behera kuestionatzen du. Eta, nik uste dut, horrexegatik batzuk ez zutela ongi ikusi. Agian ongi ikusten zuten frankismoa eta Gerra Zibila gogor astintzea, baina eliza katolikoarekin izan zuen jarrera, askok ez zuten begi onez hartu”. Kokatzeko, Blancok gogorarazi zuen liburua Vatikanoko II. Kontzilioaren aurretik argitaratu zela. “Orduan apaizgoari uztea oso erabaki muturrekoa zen. Estigma bat zen hori egiten zuenarendako, baita familiarendako ere”. Eta aipatu zuen nola Uruguain errepublikazale batzuk Aierra hitzaldi bat ematera gonbidatu zutela eta apaiz ohi gisa aurkeztu zela. “Baina gerora hil zen bere amaren heriotzaren eskelan apaiz dela jartzen du. Ez zuten egitate hori agertzea nahi”.

Liburua gerora berrargitaratu da, 1978an Bilbon eta Mintzoa argitaletxeak 2002an. Aierraren ilobak, Helena Taberna zuzendariak, hura oinarri hartuta bi lan egin ditu: Alsasua 1936 (1994) eta La buena nueva (2008). Blancok bukatzeko eskaera bat egin zuen: “bakarren batek aurreneko edizio hartako libururen bat baldin badu, gutxienez, argazki bat egin diezaiola eta Guaixeren bidez pasa diezadala”.