ML modako Zufiaurreren lan-ibilbideari aitortza

Guaixe 2019ko urr. 5a, 09:42

Maria Luisa Zufiaurre Ventura saria jasotzen.

Maria Luisa Zufiaurre Venturak emakumezkoen enpresa esperientziarik onenaren saria jaso du II. Nafarroako Lan Autonomoaren Feriaren barruan.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak autonomoen lan autonomoan diharduen pertsonaren kanpo zein barne posizionamendua eta ikusgaitasuna hobetzeko 2017-2020ko Lan Autonomoaren I. Plana egina du. Horren harira bigarren urtez Nafarroako Lan Autonomoaren Feria izan da Iruñean asteburuan. 125 standetan euren jarduna azaldu zuten profesionalek. Gainera, Lan Autonomoa Aitortzeko 2019ko Sariak banatu zituzten. 37 hautagaitza aurkeztu ziren eta Lan Autonomoaren Nafarroako Kontseiluak 16 pertsonen lan-ibilbidea saritzea erabaki zuen. Horien artean dago ML moda dendako Maria Luisa Zufiaurre Ventura. 71 urteko altsasuarrak emakumezkoen enpresa esperientziarik onenaren saria jaso zuen.

Negozioen erreleborako poltsa
Poltsa horrek negozioa eten nahi duen pertsona ekintzailearekin harremanetan jartzeko webgunea du Nafarroako Gobernuak. Hartan hainbat negoziotan erreleboa hartzeko prest, baita negozioa saldu edo eskualdatu nahi duten 106 pertsona eta negozioren bat erosteko asmotan dabiltzan 13 pertsona daude. Tartean Sakanakoak. 


Leire eta Asier Gonzalez Zufiaurre 
ML modako Maria Luisaren alaba eta semea eta dendariak 

Zeinek antolatu du zuen ama saritu duen sariketa? 
A. Nafarroako Gobernuak antolatzen du. Cederna-Garalurrek proposatu zuen sariketara ama. 
L. Haiek memoria bat aurkeztu zuten. Esaten zuten bere ibilbidea nahikoa interesgarria, polita zela.
A. Eta amaren istorioak ematen du. 

Eta zein da zuen amaren lan-ibilbidea?
L. Ama jostun gisa 14 urterekin hasi zen lanean, etxean. Jostun eskola jarri zuen. Jende nahikotxok jantziak eskatzen zizkion. Beti lanez gainezka zegoen. Eta bururatu zitzaion 90eko hamarkadan, gutxi gorabehera, oihal denda bat irekitzea. Ama beti izan da oso ausarta eta aurrerakoia. Nahiz eta aitak eta bere gurasoek esaten zioten ez zela ongi aterako, denda ireki zuen. Gizonezkoendako ML denda dagoen tokia oihal denda zen. Han lan asko zuen.
A. Berak neurriak hartzen zituen eta jantziak egiten zituen. 
B. Berak moztu eta probatzen zuen eta bost emakumezkok laguntzen zioten. 

Emakumezkoz inguratuta egoten zen dendan. 
L. Jende pila ikasten egoten zen, ama laguntzen, harekin lan egiten. 

Oihal dendatik… 
L. Kristinak, gure ahizpak, diseinua ikasi zuen. Eta berarekin egindako arropa pixka bat salgai jartzea erabaki zuten. Arropa konponketak egiten zituenez… Pixka bat nahasten hasi ziren, oihalak eta arropa pixka bat.
A. Pitteka-pitteka hasi ziren oihalak kentze eta egindako arropak jartzen hasi ziren. Lan gutxiago eta lan egiteko errazagoa. 

Beherakada ere etorri zen!
L. Bai. Gure belaunaldiak ez du josten ikasi. Pixka bat aldatu da. Kristinarekin arropa saltzen hasi zen. Nik merkataritza eta marketing-a ikasi nuen. Ni ere dendan sartu nintzen. Denda pixka bat txikia gelditu zela ikusi genuen eta beste denda handia erostea erabaki genuen. Ordurako ez zegoen arroparik, dena arropa zen. Denborarekin ikusi genuen beheko solairua baliatzeko genuela, eta beste atal bat zabaldu genuen: kilo gehiago eta halakoak.

Amak hor jarraitu du, ezta?
L. Bai. Eta beti bera hau edo hura egin behar dugula esaka.
A. Beti ausarta. 
L. Oihal denda izandakoan gizonezkoen arropak jartzea erabaki genuen. Asier etxean zegoen, arroparena asko gustatzen zitzaion… Ausartu zen eta gurekin dago.
A. Duela hiru urte hasi nintzen. 

Halako ibilbidearekin zer dio amak? Hirurak zaudete. 
A. Oso pozik dago. 
L. Duela bi urte-edo jubilatu zen.
A. Baina egunero joaten da ikustera. 
L. Ezin da etxean egon. Beste gauzak egiteko esaten diogu. Beti esaten zuen, nik ez dakit nola egin dudan, lau umerekin… Gero josi behar da, denak ohean, bera josten. Hurrengo egunerako dena prestatzen.
A. Gau lorik egin gabe azkenean. Egunez, jendaurrean eta, gauez, etxean josten. 

Sariarena nola hartu zuen?
L. Sorpresa izan zen. Cederna-Garalurrekoek sariketarako memoria bat prestatu zutela esan zioten joan den urtean. Ahaztuta eta festetan Garalurrekoen mezua jaso nuen: Zorionak! Amak saria irabazi du! Esan nion eta bera negarrez, hunkituta. Pozez. Azkenean, aitortza handia da. 
A. Oso pozik!  
L. Aurretik, dendan, bere istorioa kontatzen bideoa grabatu zioten. Hura Baluarten eman zuten larunbatean eta oso polita izan zen.
A. Guztiak joan ginen. 
L. Saria ongi etorri da. Ama orain oso pozik dago. Gainera, jende guztiak zoriontzen du: merezi duzu, hainbeste urtez lanean…
A. Aitortza. 
L. Jendearen konfiantza eskertzen du. 

Erlazionatuak

"Ama beti ausarta izan da"

Guaixe Irratia 2019 urr 03 Altsasu