LABek jakinarazi duenez, Trimanek Mieresen duen lantegian 1.368.000 euroko material lapurreta izan zen. Konkurtso-administratzaileak Mieresko Polizia Nazionalean salaketa aurkeztu zuen agorrilaren 6an. Hango poliziek atestatua egin eta Iruñekoei eman zieten. Antza, irailaren hasieran lapurtutako materialaren zati bat opatu zutela eta Asturiasko hedabide batek zabaldu duenez, hiru atxiloketa izan dira aste honetan.
LABek lapurretaren inguruko guztia argitzea exijitu du, “ardura guztiak argitu daitezen eta lapurtutako materiala berreskuratzeko. Merkataritza epaitegiari exijitzen diogu konkurtsoaren kontrola bermatzea eta horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak hartzea”. LABeko kideak “kezkatuta daude” “lantokiaren kalteengatik, “gero eta zailago ikusten dugu langileekin eta administrazioarekin dituzten zorren kitapena. Egoera ez da onargarria, jasanezina da”.
Egoera
Triman Minerals hartzekodunen konkurtsoan dago 2018ko garagarrilaren 5etik eta 45 langileak (32 nafar) 2019ko martxoaren 11ean kaleratu zituzten. Langileei zor zaizkien soldataren zati bat Fogasatik kobratu badute ere, langile bakoitzari hamar nomina inguru zor zaizkie bataz beste (milioi bat euro gutxi gorabehera).
LABeko ordezkariek gogorarazi dutenez, 2019ko martxoaren 19an konkurtso-administratzaileak eskatu zuen Triman Minerals SAU enpresaren konkurtsoa errudun jotzea eta Jose Luis San Segundo Perez, Javier San Segundo Arbeloa eta Cesar San Segundo Arbeloa errudun eta Saher 2000 SL konplize jotzea. Horrek ekarriko luke: pertsona horiek hartzekodun bezala duten eskubideen galera; pertsona juridiko eta fisiko horiek 923.838,8 euro konkurtsoari bueltatzea, pertsona fisiko eta juridiko horiek bi urtez desgaitzea ondasunak kudeatzeko edo pertsonak ordezkatzeko eta eragindako kostu guztien ordainketa.
Horretaz guztiaz aparte, alokairuagatik Saher enpresari 13.000 euro zor zaizkio. LABek azaldu duenez, “alokairua egoera sortu duten horiei ordaintzen ari zaie”. Sindikatu abertzaletik nabarmendu dutenez, “orain arte bizitako prozesuak eta dauden datu guztiek argi erakusten dute irregulartasun larriak egon direla Triman Minerals auzian, aurreko zuzendaritzaren aldetik”.