Triman Minerals SAU enpresako langileei kontratuak eteteko enplegu erregulazio espedientea (EEE) ezarri zieten martxoaren 11n. 45 langile langabezian gelditu dira, haietako 32 Nafarroan, 18 Altsasun. Langileak urte bat baino gehiago eman dute ezer kobratu gabe. Orain Soldatak Bermatzeko Funtsetik zor zaien soldataren zati bat eta kalte ordaina kobratu zain daude.
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, kontratuak eteteko EEE akordiorik gabe itxi zen. Horregatik, "hurrengo egunetan kaleratzeen kontrako beharrezkoak diren demandak jarriko ditugu".
Hartzekodunen konkurtsoa
Triman Minerals SAU enpresa hartzekodunen konkurtsoan dago garagarrilaren 5etik. Langileak urte bat pasa daramate soldatarik jaso gabe eta hartzekodunen konkurtsoaren administratzaileari alegazioak eta helegiteak egin dizkiote. LAB-etik diotenez, "Badirudi Trimanen gertatutakoa argitzen hasi dela". Izan ere, administratzaileak Merkataritza-arloko Iruñeko 1. epaitegiari Trimanena erruzko konkurtsoa deklara zezala eskatu zion hilaren 14an. Deklarazio horrek enpresa kudeatzen zuten San Segundotarrei eragitea eta Saher 2000 SL enpresa konplize izendatzea eskatu dio epaileari. Hiru San Segundotarrek hartzekodun gisa zituzten eskubideak gal ditzatela eskatzen dio administratzaileak epaileari. Aldi berean, pertsona fisiko eta juridiko horiek 923.838,8 euro bueltatu ditzatela eta bi urtetan ondareak administratzeko desgaitzeko eskatu dio epaileari.
Sindikatu abertzaleko kideak "pozik" daude administratzaileak hartutako jarrerarekin, "norabide zuzenean emandako pausoa da. Altsasuko lantegia zabaltzea dagoeneko ezinezkoa izanen da, baina zuzendaritzaren parte hartzerik gabe askoz errazagoa izanen da zorraren ordainketa eta beste edozein alternatiba". Hau da, inbertsoreren batek lantegiaren alde egitea eta lanpostuak sortzea. LABeko kideen iritziz, orain "itxaron daitekeen bakarra da epaileak aipatutako pertsona fisiko eta juridikoak errudun jotzea".
LABeko kideen iritziz, enpresan gertatutakoa "bereziki langileei eta orokorrean Nafarroari egindako Iruzurra izan da". Gogoratu dute Sodenak 1,5 milioi euro eman ziola enpresari Aljerian negozio aukera bat gauza zezan. Horregatik, LABetik gaztigatu dute: "Triman Minerals SAU, SAHER 2000 SL eta Moncayo Real Estate SLU enpresa sare bat osatzen dute eta langileekiko eta Nafarroarekiko ardura bere egin behar dute".
Altsasu Trimaneko langileak euren egoeragatik protesta egiteko manifestazioa eta epaitegi aurrean kontzentrazioak egin dituzte. Parlamentuan ere izan ziren.