Altsasuko auziaren galderak artearen bidez erantzuten

Guaixe 2019ko urr. 4a, 11:14

Arte Azokaren gelaurrean Altsasukoak aske inguruko proosammen artistikoen laborategiak egin ditu Artebidek. Gaurko elkarretaratzean, Altsasuko udaletxearen parean, 20:00etan, "elkartasuna adierazten duen sare bat" zabalduko dute

Artea lengoaia bat da, eta lengoaia horrekin gauzak transmititzen dituzte artistek. Hortaz, zer iradokitzen dute maitasuna, gorrotoa, askatasuna eta justizia hitzek? Galdera hori planteatu zuen Helena Santano artistak Hautsitako isiltasuna proposamen artistikoen laborategian. Elkartasunak sortutako sareak egi bihurtuko dituzte Reme eta Sagri Mauleonek gidatutako laborategian. Artebide taldeak Altsasuko auzia artearen ikuspuntutik hausnartu nahi izan dute, "modu abstraktuan", haien sormen prozesuaren parte. Urriaren 18an mustuko duten Arte Azokaren aurregela izan da Altsasukoak aske inguruko proposamen artistikoen laborategi-edukiontziak. Izan ere, azokaren aurtengo gaia Altsasuko auzia izanen da. "Beste kolektiboek gauzak egin dituzte, artistikoki erantzun kolektibo bat eman nahi genuen". 

Altsasuko VIII. Arte Azoka izanen da urriaren 18tik azaroaren 2ra eta, aurten, lehenengo aldiz gai bat jarri diote Sakanako artisten erakusleihoa den erakusketari: Altsasuko auzia. "Hasieran jendeari kostatzen zitzaion, orain arte bakoitzak nahi zuena aurkezten zuelako. Ekimen asko egin dira, hau beste bat izango da". Helena Santano Artebide taldeko kidea da, eta Altsasuko auzia artearen ikuspuntutik hartzeko beharra ikusi zuen.

Arte laborategiak
Hitzaren, gorputzaren, mugimenduaren, literaturaren eta abarren diziplinaren bidez Altsasuko auzia landu dute. Laborategietan egindakoarekin artistek Arte Azokan erakutsiko duten lanak sortuko dituzte. "Sormen prozesuaren zati bat da". Gainera, asteotan antolatu dituzten laborategi-edukiontzietan jendearen parte hartzea eskatzen zuten, lan "kooperatiboak" sortzeko. 

Kooperazioa da, hain zuzen, Helena Santanoren "azken aldiko" sortzeko modua. Jendeari galderak egitea gustatzen zaio, eta sortutako erantzunekin artelana egiten du. Aurreko astean egindako Hautsitako isiltasuna laborategian maitasuna, gorrotoa, askatasuna eta justizia hitzei buruz galdetu du. "Hitz horiek deskontestualizatu ditugu". Hortaz, zenbait pertsonen ezpainak hitz horiek esaten zituen bitartean argazkiak atera zien. Ondoren, soinu polifonikoak sortu zituzten, hitzak oihukatzen zituzten bitartean eta, azkenik, hitzak iradokitzen zutena marraztu zuten. "Harrigarria da baina hitz egin gabe paralelotasunak daudela ikus zezakeen: askatasuna airearekin elkartzen genuen eta gorrotoa ustelarekin". 

Sareak laborategia zen Reme eta Sagri Mauleon artisten proposamena eta helburua elkartasuna irudikatzea izan da, "edozein tokitako zein pentsamoldeko jendeak nola elkartu den adierazteko". Hortaz, elkartasun "hari hori" ikusgai egin dute eta gaur, Altsasukoak aske ostiraletako kontzentrazioan, botako dute modu sinbolikoan. Datorren astean letaniak sortuko dituzte Virginia Sargai artistarekin. Sortutako testuekin performance bat eginen dute datorren ostiralean.

Protesta
Artelanak egiten dituztenean zerbait esaten dutela esan du Santanok. "Artea politika da, protesta da, ez da bakarrik estetika". Hala ere, laborategietan "ez da auzia lantzea, baizik eta auziak nora eramaten zaitu? Orain zer?". Altsasuko auzia, auzia aipatu gabe landu dute Artebideko artistek eta laborategietako parte hartzaileek. "Modu abstraktuan" heldu diote gaiari. Izan ere, "artean sinbolikoarekin lan egiten dugu askotan eta sinbolikoa ez da arrazoitik pasatzen". Laborategietan parte hartzea "askatzailea" badela ere esan du artistak, "artea terapeutikoa ere bada". 

Erlazionatuak