Altsasukoak aske herri plataformakoek bat-bateko balorazioa egiterakoan azpimarratu zutenez, “laburtuz, injustizia konfirmatu egin da. Berriz ere”. Gogorarazi zutenez, “hasiera-hasieratik hedabide-, polizia-eta politika-muntaian oinarritutakoa” izan dela auzia, “hiru urteko bidea gezur eta irregulartasunez beteta”.
“Prozesu honetan guztian esan dugun guztiari arrazoia eman digute. Hasieratik esan genuen terrorismoa ez zela, eta helegite eta borroken ondoren terrorismoa ez zela esan zuten. Diskriminazio ideologikoa ez zela esan genuen. Eta mobilizazioen eta borrokaren ondoren arrazoia eman digute gaur. Baina ez ditugu ez proportzionaltasuna ezta justizia ere ez dugu lortu”.
Horregatik, “elkartasunari eta mobilizazioari” heldu behar diotela adierazi dute plataformatik. Jendartea parte hartzera “deitzeko beharra sentitu dugu”. Epaiari erantzuteko mobilizazioen berri Iruñean gaur eguerdian emanen duten prentsaurrekoan jakinaraziko dituzte. “Orain arte bezala herri osoak erantzutea nahi dugu. Ez dugu dudarik erantzungo duzuela. Ostiralean, kontzentrazioaren ondoren, egin behar dugunaren xehetasunez ariko gara”.
Altsasuko auziko atxiloketen hirugarren urteurrena azaroren 14an izanen da. “Amets gaizto honen hirugarren urtea”. Data horri begira hainbat ekimen prestatu dituzte eta horien berri ere gaur emanen dute. “Horiek aurrera ateratzeko zuen laguntza beharko dugu”.
Manifestazioaren akaberan presente zeuden gurasoek hitza hartu zuten eskerrak emateko. “Tristezia eta amorru handia” sentitzen zutela eta hitzik ez zutela esan zuen Iñakiren amak. Auzipetutako adin txikiko baten amak zigorrik ez baizik eta presoendako askatasuna aldarrikatu zuen. Adurren amak seme-alabak maite dituztela eta “zuengatik borrokan egonen” direla ziurtatu zuen. Eta salatu zuen “justizia ez da parametro bidegabeetatik eraikitzen”. Aratzen amak “injustizia izugarria” salatu zuen. “Hau ez da Persiako azoka bat, huskeria bat erosteko tratua egiten dena. Hau gure seme-alabengatik da. Goizeko bostetan parrandan egoteagatik. Ez dute ezta ziurtatu ere han zeudenik. Gure seme-alaben bizitzarekin jolasten ari dira”. Oihanen amak ziurtatu zuenez, “justizia eta giza eskubideak desagertzeko bidean daude. Baina sekula ez digute kenduko ez elkartasuna ezta zuen berotasuna”. Ainararen amak, azkenik, aitortu zuen “egun luze eta penagarria” izan zela atzokoa, “baina herri honen duintasuna inoiz baino gorago dago”.