Altsasuko auziaren Espainiako Auzitegi Gorenaren epaian Kartzela zigorrak jaitsi direla, baina "oraindik ere neurrigabetasuna" ikusten dela adierazi du Javier Ollo Martinez Altsasuko alkateak. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaian "ez dute diskriminazio ideologikorik" ikusi, eta horregatik "kartzela zigorrak jaitsi" direla azaldu du. Hala ere, hiru hauetan egin bezala "proportzionaltasunaren" aldeko aldarria egin du Altsasuko alkateak.
"Alkate bezala eta udalaren izenean behin eta berriz esan dut ez dugula inpugnazioa eskatzen, baina bai proportzionaltasuna". Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren "berriz ere proportzionaltasun gabezia" ikus daitekeela azaldu du Ollok. Hortaz, nahiz eta auzipetutako Altsasuko gazteen kartzela zigorrak jaitsi diren, "neurrigabetasunak hor jarraitzen" duela kritikatu du.
"Proportzionaltasuna eta bizikidetza" dira hiru urte hauetan, epai bakoitzaren ondoren Altsasuko alkateak errepikatu dituen hitzak. "Giza eskubideen defentsan oinarritutako proportzionaltasuna eta bizikidetzaren aldeko apustua egin da". Ollok Nafarroako Gobernuak "bizikidetzaren aldeko apustua" egin duela eta "berarekin bat" egiten duela azaldu du.
Altsasuko udalak datorren bozeramaileen batzordean "adierazpen bat" onartuko duela aurreratu du Ollok, "orain arte egin dugun bezala". Hortaz, orain arte udalak markatu duen "ildo beretik" joango dela esan du.