"Ez da justiziarik egin, injustizia baieztatu da"

Guaixe 2019ko urr. 11a, 08:52

Iruñean eman zuten prentsaurrekoa gurasoek eta plataformako kideek.

Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformaren iritziz, Gorenaren epaiak "injustizia apaindu nahi bazuen, ez dute lortu; hau astakeria eta zentzugabekeria da". Hilaren 26an, 17:00etan, Iruñeko auzitegi parean kontzentratzera deitu dute.

Ostiralero moduan, gaur, atzera ere, makina bat jende Altsasuko udaletxe parean elkartuko da 20:00etan. Altsasuko auzia salatu eta auzipetuei elkartasuna adieraziko diete. Eta, beste behin, bildutako guztiek adi entzunen dituzte Altsasu Gurasoak taldekoek esanen dituztenak. Are gehiago oraindik, asteazkenean jendearen beharra izanen zutela jakinarazi zutenean eta atzo ekitaldien egitaraua aurkeztu zutenean. 

Izan ere, gurasoek eta Altsasukoak Aske herri plataformako kideek Espainiako Auzitegi Gorenak herenegun emandako epaiaren balorazio publikoa egin zuten: “injustizia, sufrimendua luzatu eta auzi honen salbuespena indartu eta baieztatzen duen erabaki honen aurrean gure samina, haserrea, inpotentzia eta amorrua adierazi nahi ditugu”.

Herenegun ezagututako epaian ez terrorismo deliturik ezta ideologia diskriminaziorik ez badago ere "sekulako kartzela zigorrak ezartzen ditu, neurriz kanpokoak". Euren iritziz epaiarekin "ez da justiziarik egin, injustizia baieztatu da". 

Epaiak "muntai horren helburu ilunak mantendu nahi ditu. Auzi honen salbuespen izaeraren atzean, parte hartze politiko, mediatiko eta judiziala baitaude".  Ezarritako zigorra "oso gogorra eta bidegabea dela" nabarmendu zuten. 

Eta gogora ekarri zuten aurreko hiru urteetan "aurrena hedabide muntaia, ondoren politika muntaia eta, azkenik, fiskalaren terrorismo eskaera (50 eta 62 urte arteko eskaerak)" izan dituztela.  "Horrela ekin genion Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketari,  irregulartasunez beteriko epaiketa, bermerik gabea eta uneoro Guardia Civilak markaturik. Han izandako bi epaiketetatik terrorismo delitua baztertuta, "baina aginteari atentatuagatik ordezkatuz eta astungarriak gehituta". 

Deialdia
Hiru urtetan "elkartasuna, salaketa, mobilizazioa eta borrokari esker lortu dugu, gizartearekin batera, askatasunarendako eta demokraziarendako oso arriskutsua zen mehatxua gelditzea, alegia, terrorismoa eta diskriminazio ideologikoa aurrekari gisa geratu balira". 

Hala ere, bai gurasoek, baita plataformako kideek ere, "3 urte hauetako determinazio eta indar berdinarekin, elkartasuna eta mobilizaziorako deia" egin dute. "Injustiziaren aurrean borrokatzen jarraitzeko oinarrizkoak baitira bai elkartasuna baita mobilizazioa ere. 

Deialdi egitaraua 
Lastailak 26, larunbata 
Duintasunaren martxa, Altsasutik Iruñera bizikletan. 
17:00etan Kontzentrazioa, Iruñeko Justizia Auzitegiaren aurreko plazan. 

Azaroak 2, larunbata
Elkartasun musika jaialdia, 20 talde baino gehiago. Altsasuko Burunda frontoian eta kultur guneko zabalgunean. 

Azaroak 5, asteartea 
Presos politicos en la España contemporanea erakusketa mustuko da Iortia kultur gunean. Arco azokan zentsuratutako erakusketa azaro osoan ikusgai izanen da. 

Azaroak 8, ostirala 
Altsasuko auziaren zirrikituak aztertzeko mahai-ingurua, Iortia kultur gunean. 

Azaroak 24, domeka
Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat artistaren elkartasun kontzertua, Burunda frontoian.