Asteartean hiru urte beteko dira Altsasuko auzia gisa ezagutzen dena eragin zuen liskarra izan zela. Altsasu ferietan zen 2016 hartan eta orduko "erresaka" gaur arte iritsi da. Altsasuko auziko hirugarren epaia, zigor irmoak ezartzen dituena, ezagutu genuen herenegun. Espainiako Auzitegi Gorenak honako espetxe zigorrak jarri dizkie Altsasuko auzian auzipetutako zortziei: Oihan 9 urte eta erdi, Jokin eta Adur 8 urte eta erdi, Jon Ander eta Julen 7 urte eta erdi, Aratz 4 urte eta 2 hilabete, Iñaki 3 urte eta 6 hilabete eta Ainara 1 eta 6 hilabete.
Amaia Izko Aramendia. Abokatua
Epaiaren lehen irakurketak zer inpresio utzi dizue?
Gure aldetik balorazioa oso negatiboa da. Itxaropena geneukan. Auzitegi Gorenari bi gauza garrantzitsu planteatzen genizkion. Aurrena, egitateak, auzia bere benetako terminoetara eramatea. Atzena, prozesu penaletik kanpo uztea politika-, hedabide- eta bestelako interesak, ez egitateekin ez prozesu penalarekin deus ikustekorik ez dutenak. Epaia irakurrita, bistan da ez dela gertatu. Kontakizun artifizial hori eta kanpoko interes horiek aintzat hartu dira eta, ondorioz, biziki larria den zigor bat dugu. Benetan gertatutakoarekin zerikusirik ez daukana. Auzitegi Gorenean justizia eta proportzionaltasuna eskatzen genituen. Baina ez ditugu inondik inora ere topatu.
Diskriminazio astungarria kentzea eskatzen zenuten eta hala egin dute.
Horren inguruan bi hausnarketa egin behar dira. Aurrena, zigor zuzenbidearen arauen kontra,Auzitegi Nazionalean astungarri hori ezarri ziguten. Zigor Kodearen kontra ere egiten zuen astungarriak; inolako zerikusirik ez zuen astungarri bat. Orain kendu digute, baina hori ezin dugu modu positiboan baloratu. Guztiz soberan zegoen zerbait kendu digute. Atzena da astungarria kentzeak ere baduela garrantzia: zigorrak pitte bat arintzen ditu. Baina garrantzia orokorragoa da. Auzitegiak astungarri hori aplikatzeko zabaldutako bidea oso arriskutsua zen. Guardia Civila talde bereziki ahula edo diskriminatuta izanen balitz bezala hartzea eta babes berezi bat behar zuela esaten zen. Bestetik esaten zuen larritu egin behar zirela egitateak baldin eta egileak ideologia zehatz bat edo arrazoi politikoren bat baldin badu. Bai bata, bai bestea lege arloan sekulako astakeria da. Zentzu orokorrean Gorenak bide hori moztu izanak garrantzia du.
Gai horren inguruan bost epaileetatik bik boto partikularra eman dute.
Bi epailek halako iritzi bat modu publikoan ematea guztiz lotuta dago Estatu Espainiarrean dagoen olatu erreakzionarioarekin. Olatu horren barruan Guardia Civila bezalako instituzioak santifikatzen-edo ari dira.
Aratzi eta Iñakiri ere delitu lesioak kendu dizkiete.
Lan asko egin behar izan da prozedura honetan eta, behintzat, emaitza batzuk lortu dira. Kasu batzuetan lortu da azterketa sakon bat egitea nori, zer, zein momentu eta zer probaren gainean leporatzen zaion. Hori bi kasu horietan lortu da. Oso nabarmena zelako egitateen artean ez zitzaiela leporatzen sarjentuari baino egindako zauriak, epaiaren arabera beti. Gorenak ikusi eta onartu du.
Gainontzeko seien kasuan ez da lortu delitu bat bera kentzea.
Prozesu honetan, hasiera-hasieratik, asmo eredugarria eta egitateak handiesteko asmoa daude. Asmo horiek prozesua goitik behera markatu dute, gainontzeko guztiendako, baita Aratz eta Iñakirendako ere. Horrek ondorioak ditu: gainontzeko guztiei egitate guztiak leporatzen zaizkie, modu orokorrean bada ere. Egundoko zigorrak ezartzen dizkie, benetan frogatutzat hartzen diren egitateak izugarri larriak balira bezala. Auzitegi Nazionaleko epailez hitz egin dugunean behin eta berriro salatu dugu hori eta Gorenekoekin mantentzen dugu.
Zigorrak handitzeko astungarriak gehitzen zizkietela aipatu zenuten abokatuek epaiketen aurretik. Lesio delituan nagusitasun egoeraz abusatzea astungarria mantentzen dute.
Beraiek egiten duten egitateen kontakizuna kontutan hartuta, iruditzen zaigu ez dagoela modu egokian aplikatuta. Hala eta guztiz ere mantentzen dute. Lehen esan bezala, eta prozedura honetan askotan salatu dugun moduan, behar bat ikusi dute. Eta behar hori izan da, kosta hala kosta, zigorrak handitzea, sortu duten kontakizunari zigorrak erantzuteko. Horretarako astungarri horiek erabili dituzte teknikoki posible ikusi duten momentuan. Atentatu delitutik astungarri hori kendu dute teknikoki ez zelako posible. Diskriminazioarena berdin, teknikoki astakeria bat zelako. Baina teknikoki aukera ikusi duten guztietan astungarri horiek erabili dituzte zigorrak handitzeko, modu artifizialean bada ere.
Homizidioen pareko zigorrak jarri dituztela esan duzue abokatuek.
Bai. Eta esaten dugu ere terrorismoa ez zela frogatzea. Hala eta guztiz ere, terrorismo kalifikazioa aintzat hartuko balute bezala zigortu dituzte. Sartu gaituzten tranpa izan da hori, kalifikazio artifizial horrekin eta Auzitegi Nazionalaren parte hartzearekin. Lortu dira zenbait gauza, baina emaitzak aurre definituta zeuden. Eta horiek dira, azken finean, ezarri zaizkienak.
Epaiak instrukzio fasearen arrastoa du? Haren erresaka da?
Guztiz. Instrukzio fasean bi elementu nabarmentzen genituen. Bata, terrorismo delituaren aplikazio guztiz neurriz eta tokiz kanpokoa. Eta, bigarrena, kontakizun guztia sortzen zela kaltetutakoek eta medioek kontatutakoan, guztiz bideratuta, terrorismo delitua justifikatzeko. Horrek dena markatu du. Epai hau ere.
Epaia eskutan, zer egin daiteke?
Bi norabide daude. Batetik, oraindik planteatu daitezkeen ezohiko helegiteak daude: Espainiako Konstituzio Auzitegian eta Estrasburgoko Auzitegia. Gure ustez, eta familiak iritzi berekoak dira, auziak eskatzen du aurrea jarraitzea. Epaia patxadaz eta ganoraz aztertu beharko dugu eta erabakiak hartu. Gorputzak eskatzen digu. Nik uste egoerak eskatzen duela, hemen ez dugulako prozedura justu bat izan. Oinarrizko eskubideak lapurtu dizkigute. Eta abar. Bigarrena da epaia irmoa dela. Zigorra betetzen hasi behar dute. Espetxe-bidea zabaltzen da. Onurak eskuratzeko aukera. Horretan ere gure indar eta energia guztiak jarriko ditugu. Zazpi gazte hauek lehenbailehen Altsasun ikusi nahi ditugulako, etxean, familiarrekin.
Epaia irmoa izanda, auzi normal bat balitz, jendeak jakin nahi duena da noiz leudeke zazpiak kalean.
Epaia irmoa izatean, orain ez dago behin-behineko askatasunean ateratzeko aukerarik. Zigorra betetzen hasi beharko dute. Barruan behin behinean eman duten denbora zenbatuko diete. Printzipioz, zigorra betetzen ari dira. Orduan lortu behar da ahalik eta azkarren hirugarren graduarekin ateratzea, baldintzapeko askatasunak lortzea eta abar. Noiz? Legeak ezartzen dituen denborak kontuan izanik, ahalik eta azkarren. Hori gure beste borroka bat izanen da.