Ikerketa-bekako lana udalaren esku

Guaixe 2019ko urr. 15a, 09:23

Institutuko, Nafarroako Gobernuko eta udaleko ordezkariak lana baloratzen.

Gerra-ondorengo “haur eta gazteen aisialdiaren begirada feminista” jaso du lanak. Udalak 700 euroko beste ikerketa-beka baten deialdia eginen du aurki .

Altsasuko Udaleko,  Nafarroako Memoriaren Institutuko eta Altsasu Institutuko ordezkariek hilaren 4an oniritzia eman ondoren, udalak bere egin du Kitz Mendiola Barandallak egindako ikerketa: “Jolasa eta aisialdiren begirada feminista haur eta gazteengan gerra zibilean Sakanan”. Altsasuko Udalak herriko eta ibarreko historia-memoria ikertzeko emandako aurreneko bekaren emaitza da lan hori. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi digunez, Mendiolarekin aztertuko dute lanari zer zabalkunde eman. 

Historia ikasketaren barruan, Gogoan proiektuaren bidez, Altsasu Bigarren Hezkuntzako institutuko DBH 4ko ikasleek 300 elkarrizketa baino gehiago egin zituzten 9 ikasturtetan. 1936ko estatu kolpeari eta ondorengo garaiei buruz galdetu zieten ikasleek ibarreko adinduei. Institutuak eta Altsasuko Udalak hitzarmena sinatu zuten eta azken horrek material hori guztia jaso zuen. Gainera, “artxibo bizia” izan dadin ikerketa-beka deialdia egitea adostu zuten. Aurreneko ikerketa-beka Mendiolak egin du eta udalak aurki bigarren deialdia eginen du.