Atletismoa

Aurtengo Onddo Lasterketan Eskolarteko Krosa omenduko dute

Guaixe 2019ko urr. 18a, 11:28

Dantzaleku Sakanak antolatuta, bihar XII. Onddo Lasterketa jokatuko da. 10:30ean Oinezko Onddo Martxa abiatuko da, 11:00etan Onddo Lasterketa eta 12:00etan 40. Ferietako Eskolarteko Krosa. Urteurren berezian, antolatzaileei eta hasierako korrikalariei aitortza eginen zaie

Altsasuko Feriak dira asteburuan eta duela 12 urte feriei lotuta dago Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak hainbat babesleren laguntzarekin antolatzen duen Onddo Lasterketa. Lasterketa herrikoi honek atletismoa sustatu nahi du: zapatilak jantzi eta goiz ederra pasatzea da helburua, lagun artean eta lehiakortasunik gabe, onddoak jaiotzen diren Altsasuko paraje zoragarrietan barna. Finean, parte-hartzea sustatu nahi du 6,5 kilometroko proba honek. Antolakuntzak ez du denborarik hartzen ez sailkapenik egiten. 

Oinezkoak 10:30ean eta korrikalariak 11:00etan
Orain arte kategoria txikikoen lasterketak izaten ziren goiztiarrenak. Baina aurten 40 urte beteko ditu Eskolarteko Krosak, eta errekonozimendua egiteko lasterketa atzeratu eta eguerdian izanen dira neska-mutilen lasterketak. Goiztiarrenak Oinezko Onddo Martxakoak izanen dira; goizeko 10:30ean abiatuko dira Foru Plazatik, eta Onddo Lasterketako eremu berberean ibiliko dira, oinez, baina ibilbide ezberdina egingo dute, korrikalariekin elkarren artean traba ez egiteko. Eta 11:00etan Onddo Lasterketan parte hartuko duten korrikalariak abiatuko dira. Ibilbidea betikoa izango dela aipatu digute antolakuntzatik (6,5 km) basoitxitik, San Pedrotik eta gertuko eremu zoragarrietatik barna, onddo artean. Bukaeran, partaide guztiek salda beroa izanen dute zain, eta ohi denez korrikalarien artean hiru onddo saski zozketatuko dira. 

Izena ematea zabalik
Dagoeneko jende askok eman du izena www.dantzalekusakana.com web gunean, baina egunean ere inskripzioa bete ahal izango da Gure Etxean edo Foru Plazan, 10:00etatik aurrera. Dortsala jasotzen duten lehen 150 partaideek Onddo Eguneko kamiseta jasoko dute opari. Nahiz eta eguraldi oso ona ez iragarri, Onddo Lasterketan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek. Izan ere, feriak direnez, giro beroa sortzen da herrian.

Josefina Arregi Klinikako Lagunen alde 5 euroko dohaintza
Dantzaleku Sakanak 5 euroko dohaintza emateko eskaera egin die korrikalari eta oinezkoei, jasotakoa Josefina Arregi Klinikako Lagunei emateko. “Proba bukaeran jasotako dohaintzak batu eta txekea emango diegu Josefina Arregi Klinikako Lagunen ordezkariei; jasotako guztia ongi etorria izango da” azaldu du Dantzaleku Sakanako Peio Vergarak. 

40. Eskolarteko Krosa 12:00etan
40 urte ez dira egunero betetzen, eta horregatik Eskolarteko Krosari errekonozimendua egin nahi zaio aurten. Horregatik, txikienen proba 12:00etan jokatuko da. Lasterketa hau bere kategorian Nafarroako zaharrena da, eta kasu honetan ere proba ez lehiakorra da eta ez da sailkapenik egiten. Lasterketak bukatu eta gero, neska-mutikoek gozoren bat jasoko dute. Benjaminak, kimuak eta haurrak lehiatuko dira, 15 urtetik gorakoek helduen Onddo Lasterketan parte hartu dezaketelako. 

Duela 40 urte korrika egin zuten altsasuarrei deia
Duela 40 urte egun Zelandi ikastetxea zena Navarro Villoslada ikastetxea zen, eta bertako ikasketaburua zen Carlos Macho, eskolarteko kirola martxan jarri zuena. Altsasuko eskolarteko kirol koordinatzailea Peio Vergarak zen, eta eskolarteko atletismo monitorea Daniel Ziordia. Hirurek antolatu zuten lehenengoz Eskolarteko Krosa. Beraiei eta 1979an lehendabiziko Eskolarteko Krosean parte hartu zutenei errekonozimendua egin nahi die Dantzaleku Sakanak. “Egun 47 eta 52 urte dituzten altsasuarrei deialdi berezia egiten diegu, 12:00etan plazara gerturatu eta guztiei aitortza egiteko” azaldu dute antolatzaileek. Irantzu Gonzalez dantza eskolak aurreskua eskainiko die guztiei.