Atletismoa

Peio Vergara: “Eskolarteko Krosak hasieratik izan zuen arrakasta; horrenbeste gaztetxo korrikan ikustea oso polita zen”

Maider Betelu Ganboa 2019ko urr. 18a, 13:10

Aurten 40 urte beteko dira lehenengo Eskolarteko Ferietako Krosa antolatu zenekoa. Peio Vergara Garcia izan zen antolatzaileetako bat. “1979ko urriaren 20an jokatu zen, Zumalakarregi plazan. Bere kategorian, behe mailako kategorietan, Nafarroako lasterketa zaharrena da. Hasieratik proba ez lehiakorra izan zen; ez zen sailkapenik egiten eta ez zegoen saririk” azaldu digu Peiok. Lasterketa honen nondik norakoak ezagutu ditugu berarekin, eta Altsasuko kirolaren azken urteetako historiaren errepasoa egin dugu. 

HASTAPENAK
Eskolarteko Ferietako Krosaren antolatzaileetako bat izan zinen. Orduan kirolari lotua zeunden?
Duela 40 urte Altsasuko eskolarteko kirol monitoreen koordinatzailea nintzen. Izan ere, orduan, ikastetxeetan aparteko ordu batzuk zeuden, eta ordu horietan kirola ematen genuen. Monitoreak kirola gustuko genuen pertsonak ginen, eta lan boluntarioa egiten genuen. Nire kasuan, egun Zelandi eskola zena orduan Navarro Villoslada zen, eta ni bertako kirol monitorea nintzen, baina eskolatik kanpoko aparteko ordu horietan, 17:00etatik aurrera, eta horretaz gain monitoreen koordinatzailea. Monitore asko ginen, 35 izatera iritsi ginen: Gonzalo Rueda, Pablo Lopez Colina, Daniel Ziordia, Carmelo Navarrete, Davila anaiak, Fernando Morcillo, Ricardo Lopez de Sabando ikastolan, ni Navarro Villosladan… zerrenda luzea. Eta garaiko kirol guztiak biltzen genituen: pilota, areto futbola, eskubaloia, saskibaloia eta atletismoa. Oinarria atletismoa zen; neska-mutiko guztiekin atletismoa lantzen zen, eta ondoren adarkatzen zihoazen. 

Ondoren, urte batzuk geroago, Altsasuko 5 ikastetxeen arteko Eskolarteko Kirol Txapelketa antolatzen hasi ginen. Ikastetxeak Navarro Villoslada eskola publikoa, Iñigo Aritza ikastola, La Compasion nesken ikastetxea zena, Korazonistak eta Kaputxinoak ziren. Horrela, larunbatetan 5 ikastetxeen arteko kirol txapelketa antolatzen hasi ginen, eta geroago Nafarroa mailan hasi ginen lehiatzen. 

Eta nola sortu zen Eskolarteko Ferietako Krosa antolatzearen ideia?
Ikastetxeetan kirola ematen genuenez, bagenekien 120 neska-mutiko inguru zeudela atletismoan ibiltzen zirenak. Ilbeltza eta otsailean Altsasuko Krosa jokatzen zen Dantzalekun, eta helduez gain adin txikikoak ere aritzen ziren. Hotzarekin jokatzen zen, eta lohiarekin lotzen zen lasterketa. Aurreko urtean, 1978an, lehenengoz San Silvestrea antolatu zuen Lagun Onak elkarteak Altsasuko kaleetan barna –iaz 40. urteurrena bete zen–, eta pentsatu genuen polita litzatekeela neska-mutilendako propio herrian barna lasterketa bat egitea. Altsasuko Krosa neguan jokatzen zenez, haurren proba klima egokiago batean prestatu nahi izan zen, eta udazkenean eguraldia nahiko ona izaten denez, ideia gauzatu eta, horrela, 1979ko Altsasuko Ferietan, urriaren 20an, larunbat arratsaldean, lehendabiziko Eskolarteko Ferietako Krosa antolatu genuen Zumalakarregi plazan. 

Hortaz San Silvestretik dator kontua…
Bai. Lagunek antolatutako San Silvestrea baino bi urte lehenago atletismoa gustuko zuten zenbaitek halako San Silvestre bat antolatu zuten, baina euren kabuz. Eladio eta beste hainbat elkartu ziren institutuan, buelta bat eman eta plazan despeditu zuten korrikaldia. Baina koadrilako kontua zen. Lagun Onak elkartean atletismo gustukoa zuten zenbait bazkide zeuden, Kike Aldasororen aita eta Candi Arnanz tartean, eta Lagun Onak elkarteak hartu zuen San Silvestrea antolatzeko ardura. Orduan ez zen Dantzaleku Sakana kluba existitzen. 

Nortzuk zeundeten hasieran probaren antolaketan?
Navarro Villoslada ikastetxean Carlos Macho ikasketaburua zen, ni bertako kirol monitorea eta Altsasuko eskolarteko monitoreen koordinatzailea nintzen eta Daniel Ziordia atletismo monitorea. Hiruren artean sortu zen Eskolarteko Ferietako Krosa antolatzearen ideia. Lasterketa hau antolatu ondoren Altsasuko ikastetxeen Eskolarteko Kirol Txapelketa antolatzen hasi ginen. Jabetu ginen, ikastetxeetan kirola egitea sustatzea bai, baina horretaz gain euren artean partidak jokatzea ahalbideratu behar geniela ikasleei. Eta hortik aurrera eskolarteko kirol monitoreen laguntza izan genuen antolakuntzan. Tatu, Konpasio ikastetxeko Goiko, Kaputxinoetako Iriarte aita… asko ziren. 35 monitore izatera heldu ginen, pentsa!

Hasieratik argi zenuten Eskolarteko Krosa ferietan jokatuko zela?
Bai, hasieratik lasterketa feriekin identifikatu zen eta Eskolarteko Ferietako Krosa izena hartu zuen. Dena den, lehendabiziko edizioa irekia izan zen, ez zen eskolarteko txapelketa bat, baizik eta neska-mutil guztiendako irekia. Geroago, Eskolarteko Txapelketarekin bateratu genuen. Altsasuko ferietako larunbatean jokatzen zen, arratsaldez, Zumalakarregi plazan. Hasieratik arrakasta izan zuen; egun horretan soilik atletismoa zegoen, 120 neska-mutiko inguru aritzen ziren eta sekulako festa izaten zen. Gaztetxo horiek korrikan ikustea oso polita zen, eta Zumalakarregin giro polita sortzen zen. 

Duela 13 urte Dantzaleku Sakana klubetik Onddo Lasterketa antolatzen hasi ginen, eta orduan Eskolarteko Ferietako Krosa Onddo Lasterketarekin bateratu eta bi lasterketak Foruen Plazan antolatzen hasi ginen. 

AITORTZA
Larunbatean probaren 40. urteurrena da: antolatzaileak eta hasierako lasterketan aritu zirenak izan nahi dituzue gogoan. 
Eguerdian jokatuko da 40. Eskolarteko Ferietako Krosa, baina hasieran ekitaldi xumea egin nahi dugu. Probaren hasierako antolatzaileei aitortza egin nahi diegu, eta baita lasterketa hartan aritu ziren neska-mutikoei. Orduan, 1979 urtean, 7-12 urte tarteko adina zuten, eta aurten 47 eta 52 urte arteko adina izango dute. Lehendabiziko lasterketa horretan hartutako irudietan Santi Crespo txirrindularia zena, Dani Ziordia semea, Loli Mendoza, Alberto Urkijo eta beste ageri dira. Plazara gerturatzera gonbidatu nahi ditugu, eta baita urte luze hauetan ere antolaketan lagundu duten guztiak. Irantzu Gonzalezen dantza eskolakoek aurreskua eskainiko diete plazan dauden guztiei, bereziki antolatzaileei eta garaiko korrikalariei eta talde argazki polita egingo dugu; finean, aitortza xumea egin nahi da. 

ALTSASUKO IKASTETXEEN ESKOLARTEKO KIROL TXAPELKETAZ
Altsasuko ikastetxeen Eskolarteko Kirol Txapelketa antolatzen hasi zinetela aipatu duzu. Nolakoa zen txapelketa?
Altsasuko 5 ikastetxeen artean partidak antolatzen genituen. Larunbatean jokatzen ziren. Finean, ikasleen artean kirola sustatu nahi genuen, eta parte-hartzea sustatu. Orduan eskolarteko kirolean genuen ideia zen neska-mutiko guztiak kirol guztietan aritzea, hau da, multikirola, eta 12-13 urtetatik aurrera gaztetxo bakoitzak gustuko zuen kirola hautatzea. Baina ordura arte ikasle guztiek kirol guztietan parte hartzen zuten: atletismoa oinarri hartuta, futbola, areto futbola, saskibaloia, eskubaloia eta pilota. 6 kirol horiek probatzea. 

Monitoreak boluntarioak zineten?
Bai, ez genuen ezer kobratzen. Kirola gustuko genuelako. Urtero elkartean afari bat egiten genuen, normalean Daniel Ziordiak prestatzen zuena, izugarri gustuko baitzuen sukaldatzea. Nola egin nintzen boluntario? Nire kasuan, 16 urte nituela, Goi Mailako Batxillergoa despeditzen ari nintzen. Navarro Villoslada ikastetxean nire lehengusu Pedro Vergara zegoen Gurasoen Batzordean, Carlos Macho ikasketaburua zen, eta deitu ninduten aipatzeko herrian eskolarteko kirola sustatu beharra zegoela. Nik kirola gustuko nuen, besterik gabe, eta monitore izatera animatu nintzen, eta baita monitore guztien koordinatzailea. 15 urte eman nituen arduradun. 

Altsasuko ikasleak kirolean trebatzeaz gain, bestelako lanak ere egiten zenituzten.
Bai, klaseak bukatu eta gero neska-mutikoei emandako formazioaz gain –astean hiru ordu inguru izango ziren–, larunbateko partidak antolatu behar genituen, partidetako arbitroak ginen, antolakuntza guztia… denetatik. 

Egun atletismoari, duatloiari eta mendiari lotuta zaude gehienbat, baina orduan zein kiroletan aritzen zinen?
Eskubaloian hasi nintzen. Elizaren atzealdean jokatzen genuen altsasuarrek, 2 urte eman genituen hor. Ondoren Zumalakarregin jokatzera pasa ginen; denbora nahikotxo eman genuen hor. Eskubaloi mundutik nator, baina pilota, bereziki pala gustuko nuen, eta beranduago atletismoan hasi nintzen. 

HELDUEN MINIOLINPIADAK
Neska mutikoekin lan egiten zenuten, eta helduekin?
Eskolarteko kirol monitoreek beste pausu bat eman genuen aurrera, eta kirola gehiago sustatzeko, helduendako Miniolinpiadak antolatu genituen 1984 urtean. 12 kidez osatutako taldeak osatu behar ziren, eta gero areto futbolean, saskibaloian eta eskubaloian lehiatu behar ziren, eta hilean behin atletismo jardunaldi batean parte hartu. Erantzuna bikaina izan zen. 12 taldek eman zuten izena. Nik Mareo tabernako taldean parte hartu nuen eta 1984-1985 denboraldiko Miniolinpiadak irabazi genituen. Renfek ere taldea bazuen, eta beste hainbatek. Guztiak altsasuarrak. Duela zenbait urte Mareoko nagusiak kopa eman zidan, eta dendan daukat, taldeko argazkiarekin. Bertan daude Pablo Lopez Colina, Claudio Dieguez, Peral medikua zena, Colinaren koinatua, Saez, Jose Angel Iriarte zena, Txus, Crespo, Gonzalez, Estebezen koinatua, Colinaren koadrilako Jose Angel, Naiara Diezen aita, Jaime eta ni. Gu izan ginen lehen txapeldunak. Bitxikeri moduan, argazkian hiru baloiak daude: areto futbolekoa, saskibaloikoa eta eskubaloikoa. 

ESKOLARTEKO KIROLAREN DESAGERPENA ETA KIROL ESKOLEN SORRERA
Noiz arte iraun zuen eskolarteko kirolak?
Hainbat faktorek izan zuten eragina eskolarteko kirolaren desagerpenean. Udala sartzen hasi zen, federatuta egotearen gaia sortu zen, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzua martxan hasi zen, kirola antolatzen… filosofia aldaketa egon zen. Horrela, eskolarteko kirol koordinakundea desagertu zen eta Altsasuko kirol eskolak sortzen hasi ziren. Monitoreei ere zer edo zer ordaintzen hasi ziren, Udaletik eta Mankomunitatetik. Eta hortik aurrera, eskolarteko monitore izandako askok kirol eskoletan jarraitu zuten. Gonzalo Rueda saskibaloikoan, Davila anaiak futbolean… gehien motibatzen gintuzten kiroletan lanean jarraitu genuen. 

Altsasuko kirol eskolak aipatu dituzu, baina 1968an sortu zen Sociedad Deportiva Alsasua- Altsasuko Kirol Elkartea (SDA), Altsasun kirola sustatzeko. 
Bai, iaz 50 urte bete zituen elkarteak. Elkartea sortu zenean Altsasuko kirol guztia hartu zuen bere gain, jakina. Baina sortu eta lauzpabost urtera konturatu ginen gehienbat futbola lantzen zuela. Eskubaloikoak elkartetik atera ginen lehendabizikoak izan ginen; gogoan dut Igartex izan zela gure taldearen lehen babeslea. Ondoren atletismoa atera zen eta orduan sortu zen Dantzaleku Sakana kluba. Segidan saskibaloikoak atera ziren, eta euren taldea eta eskola sortu zuten. Altsasuko Kirol Elkartea herriko bi txirrindularitza proba beteranoekin geratu zen, juniorren Erramu Trofeoa eta afizionatuen Altsasuko Txirrindularitza Proba, aurten 90 urte bete dituena. Horretaz gain, Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketa antolatzen hasi ziren, baina ez zuten ez txirrindularitza ez pilota eskolarik. Proba horiek prestigioa ematen zioten elkarteari, baina ez zituzten txirrindulariak eta pilotariak trebatzen. Pilotan, kluben arteko txapelketetan lehiatzen ziren, baina pilotariak fitxatuz: Bengoetxea eta Olaizola bera Altsasuko Kirol Elkartearekin lehiatu izan dira. 

Horregatik sortu ziren Burunda eta Pilotajauku klubak?
Bai. San Miguel tailerreko Patxi txirrindularitza munduan ibiltzen zen eta berak bakarrik ezin zuenez dena bere gain hartu, hark eskatuta Burunda kluba sortu zen, 1988 urtean. Lehendabiziko juntan Luis Ramirez izan zen presidentea eta ni diruzaina izan nintzen. Zortzi urtez egon nintzen diruzain. Burundako txirrindulariak trebatzen genituen, Etxarri Aranatzeraino, bertatik aurrerakoak Lakuntzako Aralar Klubean aritzen zirelako. Eta txirrindulari harrobi polita sortu genuen; hemen atera diren txirrindulariak Burundan trebatu ziren: Crespotarrak, Floresdarrak, Lorea, Urtasun…
Eta pilotarekin antzeko gauza. Azkenean, Elizalde, Gorriz eta beste hainbatek sustatuta Pilotajauku kluba sortu zen, eskola sortu eta pilotariak trebatzeko. Urte gutxitan izugarri aldatu zen Altsasuko kirolen panorama. 

Pilotajaukun ere ibili zinen.
Bai, nik pala nuen gustuko eta juntako kide izan nintzen. Baina egun, atletismoan, mendian eta duatloian ibiltzen naiz gehien.

PEIO VERGARA, 47 URTE KIROLA SUSTATZEN
Nork ez du ezagutzen Peio Vergara? Dantzaleku Sakana klubarekin San Silvestrea, Onddo lasterketa eta bestelako probak antolatzen eta lasterketetan parte hartzen, Sakanako Triatloi Taldearekin duatloi probetan lehiatzen, emakumezkoen atletismo taldetik sortutako emakumeekin mendira irteerak antolatzen, mendi irteeratan parte hartzen… eta atzera egiten badugu, eskubaloian, palan eta beste hamaika saltsatan. 

16 urte zituela Altsasuko eskolarteko kirola sustatzeko ardura hartu zuen Navarro Villoslada eskolako Carlos Macho ikasketaburuak deituta. 15 urte eman zituen monitoreen koordinatzaile eta eskolarteko kirolaren arduradun lanetan. 

Altsasu taldeko eskubaloiko jokalaria, eskubaloiko prestatzaile eta entrenatzaile izateko karneta atera zuen. 1963an Etxarri Aranazko emakumezkoen eskubaloi taldea sortu eta entrenatu zuen, 5 urtez. 1988an Burunda Txirrindularitza Taldeko sorreran parte hartu zuen eta taldeko lehen diruzaina izan zen. 1997an Pilotajauku klubeko pala ataleko bokala izan zen. Urte bat geroago, 1998an, Dantzaleku Sakana Klubeko zuzendaritzan sartu zen. Klubeko presidentea eta presidente ordea izana da, eta egun juntako bokala da. Urte askotan Altsasuko Atletismo eskolako monitorea izan da. Atletismo lasterketetan aritzeaz aparte, Sakanako Triatloi Taldearekin duatloi lasterketetan jokatzen hasi zen. Horrela, 2017an, 2018an eta 2019an 60 urtetik gorako Nafarroako Duatloi txapelduna izan zen, Altsasun, Arangurenen eta Valtierran jokatutako probetan. 

Finean, altsasuarrak 47 urte daramatza bere herrian kirola sustatzen. 2007an Sakanako Mankomunitateak Sakanako Kirolari Onenen Sariketan ohorezko aipamena egin zion, egindako lanaren aitortza egiteko. eta 2008an Nafarroako Gobernuak kirol merituari zilarrezko domina eman zion, 25 urtetan baino gehiagotan kirola sustatu izateagatik.