Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko auzian emandako 50 urte eta 8 hilabeteko espetxe zigorra salatzeko Duintasunaren Martxa antolatu du Altsasukoak Aske herri plataformak. Altsasu eta Iruñea arteko ibilbidea bizikletaz egitean datza martxa hori. Iragarri dutenez, tropela Altsasutik 08:30ean abiatuko da. Behin Iruñerrira iritsita Berriozarren bazkaria izanen da. Txirrindulariak mahaitik jaso eta Iruñeko Justizia Auzitegi parera joanen dira, 17:00etan, kontzentrazioa deituta baitago.
Bizikleta martxa behar bezala antolatzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako bi bide daude: altsasumartxan@gmail.com e-posta helbidera mezu bat bidaltzea edo 602 532 279 telefonora hots egitea.