Bigarren osasun laguntzailea adinduen egoitzan

Guaixe 2019ko urr. 21a, 09:00
Egoitzako pasabidean jendea. Artxiboa

Aurten bi lanpostu berri sortu dira: garbitzailearena uda hasieran bete zena eta bigarren Osasun Laguntzaile Tekniko postua, berriki kontratatzea lortu dena. Gaur egun guztira 22 langile ditu egoitzak.

Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen markoa sinatu ondoren, Altsasuko Udalak Aita Barandiaran adinduen egoitzarako bi lanpostu berri sortu zituen: garbitokikoa eta astegunetan arratsaldez eta larunbat goizetan lan eginen duen Osasun Laguntzaile Teknikoarena (OLT). Aurrenekoa hitzarmena sinatu eta berehala hasi zen lanean. OLT, berriz, duela gutxi hasi da. Izan ere, halako langileak opatzea “oso zaila” zela jakinarazi zigun hitzarmena sinatu berritan Javier Ollo Martinez alkateak. Adinduen egoitzako patronatuko buru ere baden Ollok jakinarazi digunez, “azken hilabetean Espainia osoan lanpostu deialdia argitaratuta egon eta gero, kontratua sinatu dugu eta, jada, pertsona hori lanean dago”. Sortutako bi lanpostu horiek behin-behinekoak dira. Ollok jakinarazi digunez, “beharrezko txostenak ditugunean, egoitzako Errektoretza Batzordeak lanpostuak behin betiko izateko akordioa hartuko du”. Hori hilabete honetan izatea espero du alkateak. 

Aita Barandiaran egoitzak 41 plaza ditu. Bertan dauden adinduen % 90ek mendekotasuna du. Horrek langileen lan karga handitu eta Enpresa Batzordeak goiz eta arratsaldeko lan txanda bakoitzeko langile bat gehiago eskatu du. Baina Espainiako Gobernuaren 2012ko Aurrekontu Egonkortasun Legearekin topo egiten du udalak hor. Ollok gogorarazi zuenez, “aipatu legeak kontratazioak egiteko muga zorrotzak jarri zituen, administrazioetan pertsonal-gastua ez igotzeko debekuak. Ordutik administrazio guztiok muga horiek errespetatu behar ditugu, nahiz eta haiekin guztiz ados ez egon”. 

Udalak eta langileek sinatutako hitzarmenaren arabera egoitzako langileei soldatak igo eta  lan orduak jaitsiko zaizkie 2021eko akabera bitartean. Lan ordu gutxiago eginen dituztenez, “lana aurrera ateratzeko langile gehiago beharko direla” gaztigatu zigun LABeko Arantxa Ibargoien Lizarazuk. Bitartean udalaren asmoa da bi lanpostu berri horienak despeditu ondoren, langileen oporrak, bajak eta lizentziak ordezkatzeko lan poltsak osatzea. Langileek beraiek egindakoa da lan poltsena. 

Gobernu aldaketa bada ere, alkateak ziurtatu digunez, “Nafarroako Gobernuarekin harreman ona da gai horretan. Izan ere, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zuzendaria Ines Frances Romanek izaten jarraitzen du eta erlazioa oso ona da”. Bestetik, Ollok gogorarazi digu Altsasukoa Nafarroako irabazi asmorik ez duen adinduen egoitzak biltzen dituen Lares elkarteko kide dela. Elkarte horren helburua adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta sektorea profesionalizatzea da.  

Erlazionatuak