Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko auzian emandako epaia dela eta, Nafarroako hainbat gazte kolektibo, talde, antolakunde eta elkartek auziaren lege eta hedabide trataera gaitzetsi zuten hilaren 16an. Euren iritziz auzibidean zehar izandako urraketak zerrendatu ondoren, Altsasuko gazteriaren kriminalizazio saiakera” nabarmendu zuten. Eta adierazi zuten “beharrezkoa” deritzotela “gertakari horien trataeraren larritasunari buruz Nafarroako gazte guztien kontzientzia hartzea. Proportzionaltasuna, justizia eta oreka eskatzen dugu. Era horretako sententziek gazteria eta gure eskubideak arriskuan jartzen baitituzte. Gaur Altsasu izan da, bihar zu izan zaitezke", gaztigatu zuten. Altsasu Gurasoak taldeak eta Altsasukoak Aske herri plataformak antolatutako ekitaldietan parte hartzera deitu zuten.