"Joan, ikusi eta jabeei galdetu diezaiotela"

Guaixe 2019ko urr. 18a, 14:18
Andoni Beramendi Espinosa bere txakurretako batekin exposizio batean. Artxiboa.

XV. Pirinioko Artzain Txakurren Topaketa hartuko du Altsasuko Baratzekobide plazak larunbatean, 16:30ean. 

Hego Euskal Herriko, Aragoiko, Kataluniako eta Galiziako 20tik gora  artzakur edo mastin izanen dira  Altsasuko biharko topaketan. Haren prestaketan buru-belarri dabil Andoni Beramendi Espinosa altsasuarra. Esan digunez, "txakur jabeak kasik lagunartea gara". Horregatik, topaketaren aurretik txakur-jabe guztiak elkarrekin bazkalduko dute. "Halako topaketak norbere artzakurrak ezagutzera eman eta gustuko animaliak ezagutzeko balio digute jabeoi. Arraza nola dagoen ikusteko. Gero gurutzaketak egin edo kumeren bat erosteko". Hazle altsasuarrak aitortu digunez, "garestia da txakurrak haztea eta batetik bestera topaketa eta erakusketetara mugitzea". 

Baratzekobide plazatik pasatzen direnek morfologia azterketa batekin eginen dute topo. "Ring bat montatu eta epaile batek artzakurrak geldi, oinez eta trosta egiten daudela aztertuko ditu. Ukitzen uzten ez bada kanporatua da. Epaileak, besteak beste, animaliaren egitura, mugimendu arina edot aho ona duen aztertuko ditu. Arrazaren estandarraren arabera baloratuko ditu mastinak".  Hainbat sailkapen dituzte halako topaketek, hasi kumeenetatik eta txapeldun mailara arte. "Irekia deitzen den mailakoak dagoeneko txakur helduak dira eta horkoak dira irabaz dezaketenak". Beramendik azaldu digunez, Altsasukoa topaketa izatean Espainiako Pirinioko Artzakurren Klubaren barne baloraziorako baliagarria izanen da soilik. "Erakusketa balitz txapelketetarako puntuak banatuko luke". 

Beramendik Larresalkoak izeneko bere haztegiko Pirinioko lau mastin aurkeztuko ditu bihar. "Artzakurra bertako arraza da. Garai batean Nafarroako mastina deitzen zioten. Txakur handia da. Kumeak 600-700 gramorekin jaiotzen dira, baina ar helduek 70-75 kilo dituzte, 65-70 emeek. Soingurutzeko garaiera 70 eta 85 cm artekoa da". Tamaina handiko txakurra bada ere, "ez dira animalia erasokorrak. Izaera dute. Aurrekoan Eulaten izan ginen eta haurrek ederki izan ziren haiekin. Artzakurrak oso zaintzaile onak dira. Horregatik erabili izan dituzte mendian azienda zaintzeko, artaldeak batez ere". Beramendik animaliak ezagutzera gonbidatu du "Pirinioko mastinak San Bernardo, Bernako itzain edo Frantzia aldeko Pirinioetako mendi-txakurretatik bereizteko".