Altsasuko auziko epaia Iruñean salatzeko deia

Guaixe 2019ko urr. 25a, 10:46

Iruñeko kontzentraziora deitzeko aurreko ostiraleko bilkura baliatu zuten. Argazkia: @altsasugurasoak

Larunbatean, 16:30ean, Antoniuttin, handik Nafarroako Justizia Jauregira joan eta haren parean kontzentrazioa egiteko. Gurasoek eta plataformak azken epaiarekin “injustizia baieztatu” dela nabarmendu dute.

Altsasuko Gurasoak taldeko kideek, atzera ere, Hau ez da Justizia pankarta zabalduko dute Iruñean, Larunbatean. Espainiako Auzitegi Gorenak hilaren 9an jakinarazitako epaia salatzeko kontzentrazioa da biharko deitu dutena. Gurasoetako batek, Edurne Goikoetxeak, ostiraleko kontzentrazioan jendea Iruñeko deialdian parte hartzera deitu zuen: “orain sentitzen ditugun ezintasun, oinaze eta injustizia guztia larunbatean uxatu beharra dugu. Guk behar zaituztegu, asko. Baina behar zaituztetenak auzipetuak dira”. 

Goikoetxeak gaineratu zuenez, “injustizia hau salatzen segitzea beharrezkoa izaten segitzen du. Preso segitzen dutelako”. Guztiagatik Altsasuko Gurasoak taldetik biharko kontzentrazioan parte hartzera deitu dute. “Gurekin etorrita, urrunera eraman gaituzue. Une honetan zuen bultzadaren premia dugu. Inork gainbehera egin ez dezagun. Honek segi dezan eta ez dadin ahaztu”. Euskal Herriko hainbat herrietatik, baita Madrildik ere autobusak antolatu dira. 

Bizikletan 
Sententzia desmuntatuz, Altsasutik Iruñera leloa du Altsasukoak Aske herri plataformak antolatu duen bizikleta martxa. Duintasunaren martxa ere izan nahi duena Altsasutik 09:30ean abiatuko da. Aurretik joatea eskatu dute, antolakuntzarako behar direnak banatzeko. Aseguruengatik eta bestelakoengatik tropela osatuko duten txirrindularien kopurua mugatua izanen da. Polentzi Goikoetxeak azaldu digunez, “erantzuna oso polita izaten da”. 

Plataformako kideak argitu digunez, “bideko hainbat tokitan, injustizia honen oinarri izan diren hainbat puntu azalduko ditugu eta, horri burleta emanez, egia zer den azalduko dugu”. Urdiainen, Etxarri Aranatzen, Lakuntzan, Uharte Arakilen, Hiriberrin, Irurtzunen eta Berriozarren eginen dute hori. Herrietan jendea harrera egiten egotea espero dute. “Auzipetu baten argazkia egonen da eta zein eskubide urratu diren irudikatuko dugu. Martxak hori guztia bilduko du, Iruñeko azken ekitaldian erakusteko”. 

Behin Iruñerrira iritsita Berriozarren 14:30ean harrera eginen diete eta bazkaria izanen da. Txirrindulariek Nafarroako Justizia Jauregian izanen dute helmuga. 16:30ean harrera eginen zaio tropelari Antoniutti parkean. Jendea ordurako han egotera deitu dute, gero guztiak elkarrekin auzitegi parera joateko. Haren parean, 17:00etan, kontzentrazioa eginen baita.