Sorginen gauean Akelarrea eginen du Dantzarimak

Guaixe 2019ko urr. 28a, 12:26
'Akelarrearen sua berpizten' ikuskizunaren une bat. FERNANDO MORENO

Altsasuko Dantza Konpainiak bere azken ikuskizuna eginen du urriaren 31n, ostegunean, 22:30ean, Burunda frontoian

Akelarrearen sua berpizten ikuskizuna mustu zuen Altsasuko Dantzarima dantza konpainiak Olaztin, "arraksatarekin", eta orain etxean eginen dute urriaren 31n, 22:30ean, Burunda frontoian. Sarrerak Iortia kultur gunean, Irantzu Gonzalez dantza eskolan, Etxarri Aranazko Karasatorre dendan, Aguraingo Skala tabernan eta Iruñeko Herriko Tabernan eros daitezke bost eurotan.

Dantza konpainiaren lehenengo kale ikuskizun luzea da, nahiz eta eguraldiagatik Olaztiko frontoian mustu behar izan zuten. Dantzaren bidez Dantzarimak gaur egun sorginen inguruko irudi "txarra" arbuiatu nahi du, Irantzu Gonzalez Azpiroz konpainiaren zuzendariak azaldu bezala. Hortaz, garai bateko ofizioetatik hasten dira, Akelarrearen "indarrarekin" amaitzeko.

Akelarrearen sua berpizten ikuskizuna diziplina anitza da, izan ere, antzerkia eta dantza uztartzen ditu, Dantzarima-ko "sorginekin" batera hainbat pertsonai "ezagun" agertzen dira ere: momotxorroak eta Akerra. Gainera, Akerra Milakolore elkarteko kide den Josu Vilariño da.

Erlazionatuak