Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko Auziko epaiaren berri jaso du Zaballako espetxeko zuzendaritzak. Hori horrela, hiru urte eta erdiko espetxe zigorra jaso duen Iñakiren abokatuak harendako hirugarren gradua eskatu du. Eskaera horri erantzuteko espetxeko zuzendaritzak bi hilabete ditu. Hau da, Iñaki bigarren graduan preso segitzen duen edo hirugarren gradura sailkatzen duten, erregimen ireki arruntean edo ireki mugatuan. Hirugarren graduan sailkatu ohi dituzte zigorraren erdia bete duten presoak eta Iñakiri zigorraren erdia betetzeko lau hilabete falta zaizkio.
Altsasuko auziko azken epaiak auzipetu guztiendako zigorrak murriztu zituen haien urte eta erdi eta 9 urte arteko espetxe zigorretan utziz. Zazpi presoek zigorraren laurdena betea dutenez, guztiek eska ditzakete baimenak. Urtean gehienez ere 36 aldiz irten daitezke kartzelatik. Kartzelako Tratamendu Batzordeak banaka aztertuko ditu eskaerak, eta kasuan kasu baimena onartu edo ukatu duen jakinaraziko du. Eskaera atzera botaz gero, zigortuek Espetxe Zaintzako epailearengana jotzeko aukera izango dute, eta horrek hartuko du orduan erabakia.
Adurrek, Jokinek eta Oihanek gaur 1.080 egun egin dituzte preso. Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek, berriz, 546.