Injustiziatik juztiziarako bidea

Guaixe 2019ko urr. 28a, 11:34

Gurasoen ordezkariak Iruñean hizlari

Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko Auzian emandako epaia salatzeko jendetza elkartu zen Iruñean larunbatean. Gurasoek esan zutenez, epai “krudel eta neurrigabeak gure seme-alaben bizitza betirako markatu du”.

Iruñeko Justizia Jauregiaren ondoan, Intsumisio plazan egin zen Altsasuko Auziko epaia salatzeko kontzentrazioa. Altsasuko Gurasoak taldeko Antxon Ramirez de Alda eta Igone Goikoetxea oholtzara igo zirenerako han presente zegoen injustizia hitza, letra handiz osatuta. Orain arte gurasoek justizia aldarrikatu izan dute eta hizki handi batzuk mobilizazio batean eta bestean erabili izan dituzte. Justizia eza agerian uzteko haien aurretik gorriz margotutako gaztelaniazko in aurrizkia gehitu zioten larunbatean. Hitzik esan gabe ere, gurasoek mezua bidali zuten. 

Jendetzaren aurrean hartu zuten hitza eta euren eta presoen izenean elkartasuna eskertu eta Kataluniari agur berezia eskaini ondoren, gurasoek salatu zuten haiek “botere judizialaren aldetik injustizia” jaso dutela, bai Espainiako Auzitegi Nazionalean bai Gorenean. Berriro ere, gogorarazi zuten auzipetuei epaile naturalak epaitua izateko oinarrizko eskubidea urratu zitzaiela. Hiru urtetako  bidearen “krudeltasuna” nabarmendu zuten gurasoek eta euren seme-alabak “amets gaizto baten gatibu” direla gaineratu zuten, eta “ezin zaio salatzeari utzi”. Terrorismo eta ideologia diskriminazio salaketak indargabetu dituzten arren, epaia “injustua” dela eta “muntaiak” segitzen duela nabarmendu zuten gurasoek. Euren seme-alaben eta “guztion seme alaben alde, oraindik ere, arrazoi ugari daude borrokan jarraitzeko. Demokrazia eta justizia behar ditugu”. Aldarrikatzen segituko dutela gaztigatu zuten. 

Plataforma 
#Altsasukoak Aske-koek gaztigatu zuten auzipetuak zigortu eta haietako zazpi espetxean mantentzen dituena polizia-, hedabide-, politika- eta lege-muntaia dela. “Zertarako? Kriminalizatu, mendekua hartu, isilarazi eta eskubideak murrizteko”. Plataformatik gaztigatu zutenez, “hiru urteotan gezurrak baino ez dugu entzun, eta guk egia plazaratu dugu; justizia galdegin dugu eta injustizia besterik ez dugu jaso”. Baina halako epairik ez dutela “irentsiko” gaineratu zuten. 

Plataformatik epaiekiko errespetuarengatik men egiten duten talde politikoei mezua bidali zieten: “injustizia beti izanen da bidegabekeria, berdin da nork aginduta!” Bestetik, “hitzez hitz estoldetatik elikatuz terrorismo kontakizuna sortu duten hedabide handiendako” mezua ere izan zuten: “ezagutu zaituztegu eta ez dugu zuen gezurren konplize izan nahi”. Azkenik, “muntai hau zuzendu, prestatu eta sortu” zutenei esan zieten ez dituztela isilaraziko eta eutsiko diotela. 

Jasotako “hamaika elkartasun keinuak” ere gogoan izan zituzten: “lan gogorra egin dugu eta asko ikasi dugu. Sortu dugunak aurrera egin dezan, gure kasuan edo gerta litekeen edozein kasutan”. Kataluniari “besarkada” bidali eta “Euskal Herrian zein estatuan gurea bezalako injustizia sufritzen ari zareten guztioi elkartasuna” adierazi zien plataformak. 

Kontzentrazioaren antolatzaileek Iruñean 52.000 pertsona bildu zirela esan zuten. Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak, berriz, 7.500.  

Bizikleta martxa 
Altsasu eta Iruñea bitarteko bidea bizikletan egin zuen tropel batek larunbat goizean. Duintasunaren Martxa izena eman zioten Altsasu Gurasoak taldeak eta Altsasukoak Aske herri plataformak. Sinbolismoz betetako martxa izan zen. 156 txirrindularik parte hartu zuten, Adurrek, Jokinek eta Oihanek aste horiek bete dituztelako preso. Bidean zortzi geldialdi egin zituzten, auzipetuak adina. Urdiain, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Lakuntza, Uharte Arakil, Hiriberri, Irurtzun eta Berriozarren egin ziren geldialdiak. Bakoitzean auzipetu bakoitzaren irudia eta izena zuen kartela jaso ziren. Zigor handienetik txikienera jaso zituzten kartelak, hau da, Oihan, Adur, Jokin, Julen, Jon Ander, Aratz, Iñaki eta Ainara. Irudiekin batera geldialdi bakoitzean hizki bana jaso zuten, guztien artean Justizia hitza osatzen zutena. Batzuk eta bestek Iruñeraino eraman zituzten. Tropelaren helmuga ere propio aukeratu zuten antolatzaileek: Iruñeko Justizia Jauregia. Altsasuko Auziak handik ez zuela atera behar adierazteko. 

Tropela adin guztietako sakandarrek osatu zuten. Baita Hego Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako txirrindulariak ere. Parte-hartzaileek pedalei eragitea nahikoa ez eta herrietatik pasatzen zirenean Altsasukoak askatu moduko leloak oihukatu zituzten. Herri batzuetan besteetan baino harrera beroagoa izan zuten, baina guztietan izan zuen tropelak bakarren bat zain. Behin Berriozarrera iritsita bazkaldu egin zuten. 50 tortilla, 60 litro salda, 30 bizkotxo eta edaria zituzten zain. Guztia Berriozarko boluntarioek prestatutakoa.