Azaroaren 14an hiru urte beteko dira Guardia Civilak sarekada egin eta hainbat gazte altsasuar atxilotu zituenetik. Ordutik preso dauden Adurrek, Jokinek eta Oihanek 1.083 egun egin dituzte preso gaur. Aratzek, Iñakik, Jon Anderrek eta Julenek, berriz, 549 egun egin dituzte preso. “Hiru hilabeteko ibilbide makur” hori gogorarazteko Altsasuko auzia: hiru urteko labirintoa izeneko programazioa prestatu du plataformak azarorako. Haren izenean, Polentzi Goikoetxeak eta Izaskun Etxeberriak nabarmendu zutenez, “aldarrikatzen jarraitu beharra daukagu eta justizia galdegiten segituko dugu. Oraingoan, kulturaren bidez: artista eta musikarien ahotsen bitartez eta hedabideetako profesional konprometitu eta kritikoen iruzkinen bidez”. Egitaraua posible egin duten guztiei eskerrak eman zizkieten: “eskerrik asko zuen lana, ahots eta hitzen bitartez justizia hitza ozen plazaratzeagatik”.
Egitaraua
Azaroak 2, larunbata
Txikitasunetik egia erein musika jaialdia.
Hainbat gazte erakunde biltzen dituen Gazteok Altsasurekin taldeak aurkeztu zuen musika jaialdia lastailaren 16an. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia ere salatu zuten. 25 talde pasako dira Burunda frontoitik eta haren parean jarritako karpako oholtzetatik. Sarrerek Idergi tabernan aurretik erosita 15 euro balio dute, bertan 18. Plataformatik parte-hartzaile eta laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkiete.
15:00etatik aurrera Burunda frontoian, sarrerarekin: Aquemarropa, Nafarroa 1512, Txulapos Muertos, Against You, Azken Sustraiak, Eterns, StreetWise, Nucleo Terco, Habemus Papam, Sangre Salvaje, Takedown, Suzio 13, Sofokaos, Yakovlev 42, Asako 1312.
Kultur gune pareko karpan: Iruñerria Jamaica Clash, Herriko Kings Sound, Thai 10:89, Pantx Oficial Selektors, Amunda Selektah, Yare Colective, Basque Reggae Kultur, Suai eta Ama Rebel, Jotatxo dj eta Zuretako Mezua.
19:30ean Ekitaldia karpan.
Azaroaren 5etik 30era
Santiago Sierraren Presos politicos en la España contemporanea erakusketa.
Iortia kultur gunean, astegunetan 18:30etik 21:00etara, larunbatetan emanaldia baino ordu bat lehenago eta igandeetan 19:00etatik 21:00etara.
Erakusketa zuri-beltzeko 24 argazkik osatzen dute, pixelatutako aurpegiek hainbat jarreretako 74 preso politikori erreferentzia egiten diete, eta tartean Altsasuko auzikoen argazki bat dago. Erakusketa estreinakoz Madrilgo Arco azokan jarri zuten 2018an. Zentsuratu egin zuten eta kendu behar izan zuten. Santiago Sierrak mundu guztian erakutsi du bere lana. Kapitalismoa, esplotazioa edo lan merkatuaren baldintzak salatzen dituen lanengatik arte politikoaren arloan ezaguna da. Bere lanekin Sierrak erakunde artistikoaren natura bera ere zalantzan jartzen du. Erakusketaren jabe den Josep Maria Benetek utzita iritsiko da hura Altsasura.
Sierraren erakusketa ikusgai dagoen bitartean, Altsasukoak Aske herri plataformak eta Iortia kultur guneak parte hartzeko gonbidapena egin dute. Artelan kolektibo bat egitea proposatu dute. Pixelatutako pertsonen irudiak jaso nahi dituzte, denak elkartu eta kultur guneko fatxadan jartzeko. Erakusketan bertan azalduko dute nola parte hartu lan kolektibo horretan, baina aurreratu digutenez, telefono mugikorretako Instagram aplikazioa erabiliz egitea proposatuko da. Izan ere, aplikazio horren bidez argazkia egin eta pixelatzeko aukera ematen du. Halakoak jasota egin nahi dute murala.
Azaroak 8, ostirala
Altsasuko auziak ezkutatzen duena mahai-ingurua
18:30ean, Iortia kultur gunean.
Hizlariak: Aritz Intxusta (Gara), Joseba Santamaria (Diario de Noticias), Bea Talegon (Diario 16, La Republica, El Obrero, Cuatro, El Nacional…) eta Bertha Gaztelumendi (EITBn aritua eta film zuzendaria). Moderatzailea: Xabier Lapitz (ETB 2).
Kazetariek Altsasuko auzia aztertuko dute “bizi dugun errealitate politiko eta sozialaren testuinguruan: boterearen sistema, komunikabideak, talde politikoak, giza-mugimenduak…” Mahai-ingurua despeditzeko Gontzal Mendibilekk bi abesti kantatuko ditu, horietako bat Altxa zu izanen da.
Azaroak 24, domeka
Aske musika jaialdia
19:00etan, Burunda frontoian.
Aske hitzaren pean, Miren Amuriza eta Dani Martirenak “dotorezia literarioz” gidatutako kontzertua izanen da, “ez baitira aurkezle soilak izanen”. Oholtzatik pasako dira: Oreka Tx, Altsasuko Dantzariak, Aiora Errenteria, Jon Maia eta Hodei Barroso, Aurora Beltran, Tximeleta
eta Lluis Llach. Sarrerak 5 euro balio du eta Iortia kultur gunean aurretik salgai egonen dira.
Azaroak 30, larunbata
Altsasuko auzia: hiru urteko labirintoa programazioaren itxiera.
Iortia kultur gunean azaroan antolatutako ekitaldien bideo-laburpena.