Edurne Goikoetxeak eta Antxon Ramirez de Aldak, Altsasu Gurasoak taldearen izenean, eskerrak eman zituzten “larunbatean Iruñean justizia olatu handi bat eratzeagatik”. Iruñean bazter guztietako jendea bildu zela eta guztiak kontzentrazioan izateagatik esker ona azaldu zuten gurasoek. Larunbateko jendetzaren argazkiak “adierazten du gizarteak tinko jarraitzen duela, injustizia salatzen. Eta prest dagoela jarraitzeko askatasuna lortu arte”. Bizikleta martxa antolatu zutenei, parte-hartu zutenei eta Berriozarren bazkaria prestatu zutenei “bihotzez” eskertu zieten. Altsasukoak Aske herri plataformak hiru urtetan egindako lana aitortu zuten. “Injustiziaz inguratuta nabigatzen ikasi dugu eta jendea, eta plataforma, gure arraunak zarete”. Altsasuko auzian kezka duten estatuko jende guztiari ere esker ona azaldu zioten.
Altsasuko Gurasoak taldeko kideek Iruñekoagatik esker ona azaltzeko Iortia kultur guneko erakusketa gela aukeratu zuten. Han Artebide taldearen Altsasuko arte azoka ikusgai dago larunbatera arte. Aurten azokak estreinakoz gai bat hartu du, Altsasuko auzia, eta haren inguruko lanak daude ikusgai. Tartean Oihanen aita den Koldo Arnanzen margolana dago. Ramirez de Aldak esan zuenez, erakusketa “eder honekin adierazten dugu Altsasuko auzia bizirik dagoela”.
Espetxe onurez
Europa Press agentziak asteartean zabaldu zuen Iñakiren abokatuak harendako hirugarren gradua eskatu zuela. Haren gurasoek oraindik halakorik ez dagoela jakinarazi digute. “Gaurko egin nahiko luke”. Ramirez de Aldak gaineratu zuenez, oraindik ez dago ezer. “Epeak pasa behar dira eta horrekin heldu dira onurak. Lehenik zenbat egun preso daramaten begiratu behar da. Gero espetxe onurak jasotzeko protokoloa bete beharko da. Lehenbailehen eginen dute abokatuek. Baina oraingoz ez dago ezer. Gainera, mantso-mantso doa”. Gurasoak esperoan daude.
Zaballako espetxeko 3. moduluan funtzionarioen eta preso batzuen arteko “istilu” bat izan zen astelehenean. Altsasuko zazpi presoak 4. moduluan daude eta telefono deia egiterakoan jaso zuten gertatutakoaren berri. Hala ere, gurasoek “kartzelan gauzak pasatzen direla” eta “kezka” adierazi zuten. “Ematen du Zaballan egoera bortitza dela. Barruan dagoen egoeraz kanpoan ez dakigu ezer”. Aurten bost preso hil dira Arabako espetxean. Gurasoek nabarmendu zutenez, “gazte horiek kalean egon behar zuten. Hala ere, barruan daude. Kartzela kartzela da eta ondorioak beti sortzen dira. Ez dago espetxe onik. Gu gauero oheratzen garenean, haiek kartzela batean oheratzen ari dira”.