Burunda pilotalekua eta kultur gune pareko zabalgunean jarritako karpa. Horiek izan ziren Txikitasunetik egia erein musika jaialdiaren eszena-tokiak. 120 musikari aritu ziren larunbatean. Musika-joleak Madrildik, Kataluniatik, Burgostik eta Euskal Herritik etorri ziren. Musikariak 15:00etatik 08:00etara txandaka pasa ziren oholtza gainetik. Altsasu Gurasoak taldekoak karpako oholtzara igo ziren 19:30ean eta esker ona azaldu zieten musikariei, taldeei eta jaialdira joandako guztiei. Madrildik, Bartzelonatik, Burgos edo Euskal Herritik etorritakoei, txalo artean, “bihotz bihotzetik esker ona” azaldu zieten.
Gurasoek Egia Erein gazte mugimenduari ere esker ona azaldu zioten: “lan handia egiten ari zarete. Kontatu digutenez oso dinamika zabala osatzen ari zarete Nafarroan zehar”. Gaineratu zutenez, “musika, historikoki, gizartearen ikuspuntuak adierazteko tresna izan da. Herri eta talde zapalduek, esaterako, erabiltzen dute, duzue, zerbait salatzeko, omentzeko, maitatzeko… eta askotan izugarrizko prezioa ordaintzen, bai errepresioarekin, bai injustizia jasaten”. Horregatik, “hainbeste maite ditugun eta gureak diren letrak egiteko zuenak egiten dituzuen hitz batzuk aipatuko ditugu: elkartasuna, askatasuna”. Gurasoek azaldu zutenez, “zuen lana, zuen musika ez da hemen geldituko. Nahiz eta hemen jaso eta disfrutatu, ziur egon kartzelaraino eramanen duzuela, dugula. Zeren gaur eskaini diguzuena elkartasun klabean idatzia dago”.
Elkarri babestu beharraz gaztigatu zuten gurasoek. “Jakitun gara zein zalantzazko etorkizuna aurkezten diguten. Duintasunez, irmotasunez eta erabakitasunez borrokatzea besterik ez dugu. Ez ditugu sekula bakarrik utziko”. Bestetik, sustatzaileek azaldu zutenez, “proiektua duela urtebete jaio zen, Altsasuko herriari elkartasuna adierazteko eta gertatzen den injustizia salatzeko”. Iruñerriko hainbat gazte eta kolektibo elkartu ziren eta Altsasukoak Aske herri plataformarekin batera lanean hasi ziren.