Altsasuko auziko atxiloketak izan zirela 3 urte beteko dira heldu den ostegunean. Adurrek, Jokinek eta Oihanek ordurako 1.096 egun emanen dituzte preso. Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen, berriz, 564. Efemeride hori gogoan azarorako hiru urteko labirintoa izeneko programazioa prestatu du Altsasukoak Aske herri plataformak. Txikitasunetik egia erein musika jaialdiak zabaldu zuen egitaraua, asteartean segida eman zion Santiago Sierraren Presos politicos en la España contemporanea erakusketaren mustutzeak Iortia kultur gunean asteartean. Eta gaur mahai-ingurua izanen da.
Mahaiaren bueltan hizlari Aritz Intxusta (Gara), Joseba Santamaria (Diario de Noticias), Bea Talegon (Diario 16, La Republica, El Obrero, Cuatro, El Nacional…) eta Bertha Gaztelumendi (EITBn aritua eta film zuzendaria) arituko dira hizketan, Xabier Lapitz (ETB 2) moderatzaile dutela. “Bizi dugun errealitate politiko eta sozialaren testuinguruan” aztertuko dute kazetariek Altsasuko auzia. Hau da: boterearen sistema, hedabideak, talde politikoak, giza-mugimenduak…” Hizlarien ondoren, mahai-ingurua despeditzeko, Gontzal Mendibilek bi abesti kantatuko ditu.
Egitaraua
Azaroaren 30era arte
Santiago Sierraren Presos politicos en la España contemporanea erakusketa.
Iortia kultur gunean, astegunetan 18:30etik 21:00etara, larunbatetan emanaldia baino ordu bat lehenago eta igandeetan 19:00etatik 21:00etara.
Azaroak 24, domeka
Aske musika jaialdia
19:00etan, Burunda frontoian.
Miren Amuriza eta Dani Martirenak “dotorezia literarioz” gidatutako kontzertua izanen da: Oreka Tx, Altsasuko Dantzariak, Aiora Errenteria, Jon Maia eta Hodei Barroso, Aurora Beltran, Tximeleta
ta Lluis Llach. Sarrerak 5 euro balio du eta Iortia kultur gunean aurretik salgai egonen dira.
Azaroak 30, larunbata
Altsasuko auzia: hiru urteko labirintoa programazioaren itxiera.
Iortia kultur gunean azaroan antolatutako ekitaldien bideo-laburpena.