Gaur hiru urte bete dira Guardia Civilak hainbat altsasuar atxilotu zituela. Ordutik Adurrek, Jokinek eta Oihanek 1.096 egun egin dituzte preso. Aratz, Iñaki, Jon Ander eta Julen, berriz, 562. Azken horiek bi txandatan bete dute espetxealdi hori behin behinean aske utzi ondoren, atzera ere, atxilotu zituztelako. Altsasuko auzia dena hilabete lehenago hasi zen Gartzia Ximenez kaleko taberna baten inguruan. Foruzaingoa eta Nafarroako Lurralde Auzitegia ikertzen ari ziren kausa Espainiako Auzitegi Nazionalaren eta Guardia Civilaren esku gelditu zen, besteak beste, Mariano Rajoyren txio bat eta Coviteren terrorismo salaketa bat dela medio.
Espainiako Auzitegi Nazionalak bitan ukatu du 2016ko lastailaren 15eko gertaerak terrorismoa izan direnik. Hasierako 375 urteko espetxe zigorra Espainiako Auzitegi Gorenak 50 urte eta 8 hilabetetan utzi ditu. Epaia irmoa izanik zazpi auzipetuak lehenbailehen espetxe onurak eskatuko dituzte. Bitartean, Altsasuko auziak Europako epaitegiko bidea eginen du.