"Oraindik egiteko asko dugu"

Guaixe 2019ko aza. 25a, 11:19

Idoia Goikoetxea Gomez, Altsasuko Udaleko Berdintasun teknikaria.

Altsasuko Udalak 2019-2023 aldirako II. Berdintasun Plana luzatzea erabaki zuen lastaileko udal bilkuran. Horren nondik norakoen berri eta udalak Emakumezkoen kontrako indarkeriaren aurkako eguna dela eta jo dugu Idoia Goikoetxea Gomezengana, Altsasuko Udaleko berdintasun teknikariarengana. 

Noiztik du Altsasuko Berdintasun Plana? 
Lehenengoak urte pilo zituen eta aurreko legealdian onartu zen 2. plana. Beste edozein planen moduan lana sistematikoki eta modu planifikatuan lan egiteko dokumentua da. Han jaso da zein arlotan eginen dugun lan, helburuak eta legealdian zer lortu nahi den. Lehentasunak markatzen dira ere. Berdintasun Zerbitzuak eta arloak badugu dokumentu bat definitzeko zertan lan egin behar dugun. 

Zein arlotan lan eginen duzue?
Alde batetik, barruko lana dago. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna zeharkakoa da. Arlo guztietan landu behar da: kirolean, gazterian, kulturan, hirigintzan, langileen kontratazioan, soldatetan… Horrek gure lanean pisu handia du. Bestetik emakumeen kontrako indarkeria dago. Hirugarren arloa bizitza eta lanaren arteko kontziliazioa edo bateragarritasuna da. Horrekin batera emakumezkoen ahalduntzea eta balioen aldaketa arloa ere lantzen da. Hau da, emakumezkoekin lan egiten dugun guztia ahalduntzea. Eta, bestetik, sentsibilizazio kanpainak eta beste daude. Esaterako, ikastetxeetan lantzen duguna. 

Urtetik urtera balorazioa eginen duzue, ezta? 
Hasteko, gure arloan beti oso plan zabala egiten dugu. Ez zen nire asmoa proposatu nuenean. Baina ez dugu plana lau urtetan betetzea lortu. Lau ekintza potolo gelditzen zaizkigu legegintzaldi honetan egiteko. Horrexegatik luzatu dute plana. Bestalde, berdintasuna lortze aldera ekintza puntualak planteatzen ditugu, baina badakigu prozesu batean gaudela. Plan batean zerbait egiten hasten gara baina hori finkatzeko eta aurrera egiteko urteak behar dira. Aurreko legegintzaldia bukatzean dokumentu batean jaso genuen egin zena. Asko izan zen. Gauza berriak egin ziren eta bideak irekitzea beti da pozgarria, beti. Egindakoa finkatzea da beste lan bat. 

Zein dira Berdintasun Planak ekarri dituen berrikuntzak? 
Barrura begira, udalean aurrekontuak lantzen ari gara eta hiru galdera erantzun nahi ditugu: zer egiten dugu Altsasuko Udalaren aurrekontuekin? Zeinek disfrutatzen du diru hori? Emakumezkoen eta gizonezkoen zein behar betetzen dira diru horrekin? Horrela jakin nahi dugu Altsasuko Udalaren aurrekontua parekidea eta berdintasunezkoa den. Hori sistematikoki egin behar da. Berdintasun Zerbitzuak gauza batzuk egiteko diru bat izanen du. Nori iritsiko zaio diru hori? Prozesuan bi urte daramatzagu. Hori da berrikuntzetako bat. 

Emakumezkoen kontrako indarkeriaren aurkako koordinazio taldea osatu genuen. Entitate askok harrera egiten diete emakumezkoei eta askotan ez dugu elkar ezagutzen. Edo ezagutzen badugu ez gara elkarlanean ari. Koordinazio taldea heldu den urtean finkatzea espero dugu. Bestetik, eta hau neretako oso garrantzitsua da, indarkeria egoeratik atera diren emakumezkoen taldea osatu genuen. Bizirik atera direnak, hala deitzen ditu legeak. Laguntza asko dago, baina emakumezkoen arteko laguntza falta da. Indarkeria egoeratik atera diren taldekoek gaur egun egoera bizitzen ari diren emakumezkoak laguntzen dituzte. Gaia oso zaila, sakona eta mingarria da. Taldea, aldaketekin, baina mantentzen da. 

Ikastetxean ere lan egiten dugu. Aurreko legealdian ikastetxe guztietan lan egiten hasi ginen. Ikastetxeetako programak nahikoa finkatuta daude. Emakumezkoekin ekintzak egiteko beste programa bat dugu, finkaturik ez dagoena. Eskaerak betetzen saiatzen gara. Baina gure asmoa da programa finko bat izatea, ez hain noizbehinkakoa. 

Lana ez da falta! 
Hau guztia aurretik heldu da. Dagoeneko berdintasun arloak udaletan nahikoa sartuta daude. Legea dugu. Gure lana oinarritzeko gauza asko ditugu. 

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna, azaroaren 25ean. Udalak adierazpena onartu du, ezta? 
Nahikoa urte dira Nafarroako berdintasun teknikariek adierazpen bat idazten dugula eta gure udaletan aurkezten dugula. Onartzen dutenean guk Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eskaintzen diogu idatzia, herrialdeko gainontzeko herriei eskaintzeko. Batzuk onartzen dute, besteek ez. Aurtengo adierazpenean udalek gizonezkoei mugitzeko deia egiten diete. Mugitu! leloa du. Mugitu, alde batetik, emakumezkoen indarkeriaren kontra. Baina, bestetik, adierazpenak gizonezkoei esaten die: mugitu botere egoeratik. Gizarte honetan gizonezkoak botere egoeran daude eta hortik ere mugitzeko dei egiten zaie. Kanpainako kartelak Sakanan barna ikusiko dituzue. 

Sortu berri den Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean segitzeko asmoa duzue, ezta? 
Dudarik gabe. Indarkeria arloan lan egiten hasi gara. Udalak eta Mank-ek erabaki dugu heldu den urtean toki protokoloa egitea. Guretako oso inportantea da. Egiterakoan Nafarroako Berdintasun Institutuan aurkeztu eta aitortza jasoko dugu. Hala, entitate guztiek derrigorrez beteko dugu protokolo hori.