Musika, dantza eta hitza elkartu ziren igandean Altsasukoak Aske herri plataformak antolatutako Aske! kontzertuan. Azaroan Altsasuko auziagatik zigortutako gazteak atxilotu zituztela hiru urte bete dira, eta urteurren "tristea" gogoratzeko Altsasu auzia. Hiru urteko labirintoa jardunaldiak antolatu dituzte azaroan zehar. Musikarekin hasi zituzten jarduerak gazteei zuzendatuko Egia erein ska eta reggae jaialdiarekin, eta musikarekin amaitu dute igandean egindako Aske! kontzertuarekin.
Hala ere, Aske! ez zen kontzertu soil bat izan. Arte diziplina desberdinak uztartu zituzten elkartasun kotzertuan: musika Oreka TX taldeak, Aiora Errenteria eta Aurora Beltran abeslariek eta Tximeleta taldeak jarri zuten, gainera, Lluis Llach musikar katalandarra entzuteko ohorea ere egon zen igandean, Altsasuko frontoian. Jon Maia eta Hodei Barroso bertsolariek zerbait "berritzailea" egin zuten: Maiak bertsoak bota zituen eta Barrosok rapeatu zuen. Izan ere, hitzak garrantzia handia izan zuen emanaldian. Hortaz, Miren Amuriza eta Dani Martirena idazleek ikuskizuna gidatu zuten, baina aurkezleak baino, ikuskizunaren hariaren kontalariak izan ziren. Dantzarako lekua ere egon zen: Iñaki Agirre euskal dantzariaren eta Irantzu Gonzalez dantzariaren eskoletako ikasleek bat egin zuten bi dantza motak uztartzen zituen koreografia batean.