Emakumezkoak aske izateko bost oinarri

Guaixe 2019ko aza. 30a, 13:24
Ateleheneko manifestazioko une bat.

Altsasuko mugimendu feministak indarkeria matxistari aurre egiteko justizia feminista, ardurak haien gain hartuko dituzten gizonezkoak, bestelako segurtasun eredua, prebentzioa eta baliabideak eskatu zituen.

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean Altsasun urtero kontzentrazioa egiten zen, eta jende mordoxka bat elkartzen zen protesta egitera udaletxe parean. Altsasuko mugimendu feministak ereindakotik jaso zuen astelehenean, estreinakoz azaroaren 25ean manifestazioa deitu eta 750 bat pertsonak bat egin baitzuten deialdiarekin. Eta garbi adierazi zuten: “nazkatuta gaude sistema heteropatriarkal kapitalistak sortzen digun biolentziaz. Egunero zapaltzen gaituen biolentzia honi aurre egiteko, gaur, berriro ere, autodefentsa feminista defendatzen dugu”.

Altsasuko mugimendu feministako kideek manifestazioaren ibilbidean zehar gogorarazi zuten 2003 urteaz geroztik indarkeria matxistak Euskal Herrian 102 emakumezko eta 11 ume hil dituela. “Altsasun ere erasoak jasaten dituzten emakumezkoak daude; batzuk salaketa jartzen dute, beste batzuk ez, baina guztiei gure babesa eta elkartasuna eskaini behar diegu”. Mugimenduko kideek “bestelako erasoak” salatu zituzten eta jakinarazi zuten azaroaren 25eko deialdirako jarritako kartelak eta pankartak kendu dituztela asteburuan. 

Aske izateko oinarriak 
Mugimendu eledunek “justizia eredua birpentsatzea” exijitu zuen, “fokua erasotuon erreparazioan eta babesean” jartzeko. “Justizia patriarkalari” sinbolikoki su eman zioten manifestazioan zehar. Horrekin batera, emakumezkoak aske izateko “konplizitate patriarkalarekin hautsi eta indarkeria matxistan duten erantzukizunez ohartzen diren eta inguru hurbilean aldaketak egiten dituzten gizonezkoak” behar dira. Eta gaineratu zuenez, “aske izateko ez dugu poliziarik behar”. 

Udalak hainbat poliziarekin sinatutako hitzarmenari buruzko argibideak exijitu zituen mugimendu feministak. “Gogorarazi nahi dugu emakumezkoak ez garela erasotzaileak eta, hala ere,  bizkarzainak eta bestelako polizia kontrol mekanismoak gure askatasuna mugatzen dute. Segurtasun eredu horrek ez gaitu aske sentiarazten, alderantziz, are gehiago biktimizatzen gaitu. Poliziak gorpuzten duen maskulinitate ereduak eta iraunarazten duen menderatze sistema berberak kolpaten gaitu emakumezkoak”. 

“Jendarte feminista lortzeko hezkuntzan eta profesionalen prestakuntzan inbertitzea” beharrezko jo zuen Altsasuko mugimendu feministak. Azkenik, “indarkeria jasaten dugun emakumezkook doako, kalitatezko eta unibertsala den laguntza sozial, psikologiko eta legala behar dugu, salaketa judiziala jarri edo ez”.