Kirol-detekzioko kopako irabaziak Biak Bat elkartearendako izanen dira

Guaixe 2019ko abe. 4a, 10:54
Ur izeneko txakurra detekzio proba batean.

Abenduaren 7an, larunbatean, jokatuko da Mutiloabeitiko kiroldegian. Txakurrek lagundutako terapiak egiten duen elkartearendako izanen dira irabaziak, Altsasun adinduekin terapia programa egiteko.

Txakur sustantzia-detektatzaileen Espainiako Koparen aurreko bi edizioak Josu Mendez Sanchez altsasuarrak trebatutako txakurrek irabazi dute. Halako lehiaketetan trebatzailearen eta animaliaren arteko harremana eta txakurrak sustantziak atzemateko duen trebezia baloratzen dira. Horretarako, lauzpabost proba pasa behar dituzte lehiakideek eta objektu desberdinetan bilatu beharreko sustantzia non dagoen markatu behar du txakurrak. 

Halako proba bat ikusi nahi duenak abenduaren 7an izanen du aukera Mutiloabeitiko kiroldegian, han jokatuko baita Txakur sustantzia-detektatzaileen V. Espainiako Kopa. Beloaran klubak antolatutako jarduera horretan lortzen den dirua Biak Bat elkartearendako izanen da. Haien helburua da Altsasun adinduekin terapia programa bat garatzea.