Atletismoa

Barricarte Memorialean 166 korrikalarien artean Beunza eta Garcia de Eulate lehen dakandarrak

Guaixe 2019ko abe. 13a, 12:17

Igandean Zubeztia elkarteak antolatutako 39. Oinezko lasterketa edo 36. Alberto Barricarte Memorialean gailendu ziren, 166 korrikalarien artean. Antolakuntzak Gregorio Riezu, Candi Arnanz eta Victorino Lopez de Goikoetxea omendu zituen

Abenduaren 8an, Ama Birjinaren egunean jokatzen da Zubeztia elkarteak urtero antolatzen duen lasterketa. Gertu diren sansilvestreak prestatzeko lasterketa polita da, bertako eta inguruetako korrikalariendako proba herrikoi eta polita. Aurten, hain zuzen ere, lasterketaren 39. edizioa zen, eta Alberto Barricarte Memoriala izena hartu zuenetik 36. aldia. 166 korrikalarik hartu zuten irteera, goiz hotzean, eta antolakuntzak herrian prestatutako zirkuituari –Bakea kaleko lanengatik zirkuitua egokitu behar izan zen– 4 itzuli egin zizkioten, guztira 10 km inguru. Azkarrenak Antonio Etxeberria (31:52) eta Izaskun Beunza (37:42) izan ziren, alde handiarekin.

Igandekoarekin, Antonio Etxeberriak lau aldiz irabazi du Altsasuko proba beterano hau, baina igandean bereziki pozik zegoen, helmugara oso ongi iritsi zelako, aspaldi honetan izan dituen sentsazio hoberenekin. “Ikusgarria izan da. Nire erritmoa hartu dut berehala eta itzuli bakoitzeko azkarrago ibili naiz, gogotsu. Duela bi urte ez nintzela horren ongi aritzen; garaipen handia izan da niretzat” adierazi zuen helmugan 42 urteko iruindarrak. 43 urte betetzear dago Etxeberria, eta mailari eustea “zaila” dela aitortu zuen, “baina lehiakorra naiz eta gustuko dut”. Etxeberriak ez zuen areriorik izan Altsasuko proban (31:52). Jon Sola izan zen bigarrena (32:47) eta Angel Vazquez hirugarrena (32:50). Sergio Garcia de Eulate altsasuarra seigarrena sartu zen (33:46). 

Emakumezkoetan, Izaskun Beunza Azazetak ez zuen aparteko arazorik izan garaipena lortzeko (37:42). Olaztiarra Pilar Morani (38:46) eta Begoña Armentiari (42:40) gailendu zitzaien. “Erritmo polita hartu dut eta lau itzulietan erritmoari eustea lortu dut. Oso ongi entrenatzen ari naiz eta nabaritzen da” aitortu zuen olaztiarrak. 

Proba bukatzerakoan Zubeztia elkartean prestatutako auzate bikaina zuten zain guztiek eta elkarteko kanpoaldean egin zen sari ematea. 

Sortzaileei aitortza
Lasterketa hasi baino lehen, antolakuntzak proba honen sortzaile eta babesleak omendu nahi izan zituen. Horrela, Candi Arnanzi, Victorino Lopez de Goikoetxeari eta Gregorio Riezuri aitortza egin zieten, “lasterketa honi urte luze hauetan babesa eta dedikazio guztia” eskaini izateagatik. Plaka bana jaso zuten laurek. Oraindik esku bat emateko pronto egoten dira, baina belaunaldi berriei tokia egin behar zaiela nabarmendu zuten. 

Candi Arnanz izan zen sortzaileetako bat. Berak azaldu zuenez, orduko juntari lasterketa antolatzearen ideia proposatu zion –Agustin Aizpurua zen presidentea–, eta ongi iruditu zitzaien. Horrela, 1980. urtean egin zen lehendabiziko lasterketa. Alberto Barricarte izan zen beste antolatzaileetako bat, Olaztin auto istripuz zendu zena, eta horregatik duela 36 urtetik Alberto Barricarte Memoriala izena hartu zuen probak. 

SAILKAPENA
Sakandarrak 39. Oinezko Lasterketa-36.Alberto Barricarte Memorialean
Gizonak
1.Antonio Etxeberria (Iruñea) 31:52
6.Sergio Garcia Eulate (Alts) 33:46
7.Raul Audikana (Olaz) 33:48
15.Javi Moreno (Alts) 35:03
25.Ivan Sobredo (Alts) 35:48
28.Eukeni Goikoetxea (Alts) 36:05
33.Felix Benjumea (Alts) 36:19
35.Aritz Munarriz (Etx) 37:09
39.Aritz Etxeberria (Alts) 37:23
43.Jabi Gasanz (Alts) 37:33
52.Iker Flores (Alts) 38:28
63.Juan Luis Maiza (Etx) 39:11
68.Axier Larrion (Alts) 39:33
69.Iñaki Alvaro (Alts) 39:35
77.Joseba Galartza (Iturm) 40:38
83.Joxeja Maiza (Etx) 41:48
84.Aitor Hernaiz (Lak) 42:01
90.Santi Agirre (Iturm) 42:37
94.Peio Vergara (Alts) 42:53
100.Alberto Mazkiaran (Alts) 44:00
109.Alberto Aguirre (Alts) 45:49
113.Juantxo Azurmendi (Alts) 46:08
125.Jose Ramon Ramirez (Alts) 49:15
128.Jesus Bengoetxea (Alts) 49:40
129.Iñigo Orella (Etx) 49:59
134.Ruben Nevado (Alts) 50:59
141.Jose Antonio Salgado (Alts) 51:37

Emakumeak
45.Izaskun Beunza (Olaz) 37:42
98.Erkuden San Martin (Etx) 43:08