Altsasu Gurasoak taldeak eta Altsasukoak Aske herri plataformak prentsa ohar bateratua zabaldu zuten atzo bi presoen gradu aldaketaren inguruko iritzia emateko. Aldaketa hori “kartzelako ohiko legearen ezarpena auzipetuek, euren senideek eta Altsasuko herriak duela hiru urte baino gehiago pairatzen dugun bide injustuaren baitan eta bidegabekerian oinarritu zigorren testuinguruan kokatzen dugu”.
Guraso eta plataformako kideei albisteak “poza, hobeto esan oinazea arintzen du, baina gauden egoeran jarraitzen dugun bitartean, injustizia gero eta handiagoa da”. Azaldu dutenez, “hirugarren graduak, lanegunetan kartzelara lo egitera bueltatu behar dutela suposatzen du. Beraz, ez da askatasuna eta gainerako lagunek espetxe barruan jarraitzen dute zigorra betetzen”. Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformak ziurtatu dutenez, “injustizia hau salatzen jarraituko dugu ahal dugun heinean, eta berandu baino lehen ikusi nahi ditugu gure gazteak Altsasun heien bizitzari berriz heltzen”. Bitartean bi eragileek “halako bidegabekeriarik ez Altsasun ez beste inon berriz gerta ez dadin lanean jarraitzeko konpromisoa” berretsi dute. Elkartasuna adierazi dieten guztiei esker ona adierazi diete.