Arabako Zaballako espetxean ate irekien jardunaldia egin zuten asteartean. Altsasuko auziagatik han preso dauden zazpi altsasuarretako baten senideak sartzeko aukera izan zuten. Laugarren modulura, Altsasuko auziko presoak daudenera hain zuzen ere. Espetxea barrutik ikusi eta preso guztiekin harremana izateko aukera izan zuten senideek. Han jakin zuten Iñakik (3 urte eta erdiko zigorra, 588 egun preso) eta Aratzek (4 urte eta 2 hilabeteko zigorra, 588 egun preso) hirugarren gradua jasoko dutela. Bi presoei espetxeko zuzendaritzak ahoz esan die hori. Eta hala onartu zuten espetxeko iturriek asteartean. Baina hori baieztatzen duen inolako idatzirik ez dute jaso bi altsasuarrek. Ostiralean aterako direla zabaldu dute iturriek, baina, esan bezala, ez dute inolako baieztapenik. Estatuko espetxe administrazioak du azken hitza eta mantsoa izaten da halakoetan.
Espetxeetako tratamendu batzordeak dira presoen egoeraren azterketa egiten dutenak: zein gradutan sailkatu, zein tratamendu eman, zein jarduera egin ditzakeen. Haiek dira presoei baimenak edo hirugarren gradua eman erabakitzen dutenak. Tratamendu batzordea, gutxienez, astean behin elkartzen da eta han hartzen dute erabakia. Zuzendaria, tratamendu zuzendariordeak, mediku zuzendariordea, Espetxe Zaintzako teknikaria, psikologoa, psikiatra, Ikas-Unitateko zuzendaria, zerbitzu koordinatzailea, hezitzailea eta zerbitzu buru batek osatzen dute.
Iñakik eta Aratzek zigorraren laurdena beteta dutenez, hirugarren gradua egiteko eskaera egina zuten eta hori da espetxe zuzendaritzak onartu duena. Altsasuko auziagatik preso dauden Adur (8 urte eta erdiko zigorra, 1.132 egun preso), Jokin (8 urte eta erdiko zigorra, 1.132 egun preso), Oihan (9 urte eta erdiko zigorra, 1.132 egun preso) baimenak eskatzeko aukera dute zigorraren laurdena beteta dutelako. Zigorraren laurdena betetzeko 97 egun falta zaizkie Jon Anderri eta Juleni (7 urte eta erdiko zigor bana, 588 egun preso). Baina kartzelatik ateratzeko baimenak ematea tratamendu batzordearen borondatearen araberakoa da. Eta, normalean, zigorraren erdia bete arte ez dituzte ematen. Zortzigarren auzipetua, Ainara, urte eta erdiko espetxe zigorra jaso zuen eta behin behinean aske dago.