Gabonetako ez den Gabonetako kontzertua

Guaixe 2019ko abe. 26a, 12:30

Haize Berriak banda entsegu batean.

Musikalak interpretatuko ditu Haize Berriak bandak abenduaren 28an, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean Erkuden Ezeolaza mezzo-sopranoarekin eginen duen kontzertuan. Gainera, bandarako eta abeslari altsasuarrendako sortutako lana mustuko dute

Haize Berriak bandak urtero kontzertua egiten du Eguberrietan, Iortia kultur gunean. "Iritsi nintzenean esan zidaten: guk ez ditugu Gabonetan Gabon kantak interpretatzen", eta horrela dela konfirmatu du David Sanchez bandaren gabonetako kontzertuaren zuzendariak. "Ez dago Gabonetako ezer. Pesadilla antes de Navidad filamren abesti bat egin behar genuen, eta hor Eguberriari keinu bat egin behar genion, baina azkenean ez". Aurtengo kontzerutaren gaia musikalak dira eta Erkuden Ezeolaza mezzo-sopranoak bandarekin abestuko du. Hilaren 28an, 19:30ean, Iortia kultur gunean eginen dute emanaldia.

"Iñigo Casali Iruñeko konpositoreari eskatu genion kantariarendako eta bandarako lan bat egitea, eta konkretuki Erkuden Ezeolazarendako eta guretako lan bat eskatu genion". Lan horren mundu mustutzea 29ko kontzertuan izanen da. Obra "iraupen erdikoa" da, eta, beraz, "Erkudenen presentzia aprobetxatzeko eta ordu eta erdiko kontzertua egiteko" musikalak egitea erabaki zuen Haize Berriak bandak.

Bandak interpretatzen dituen abesti guztiak Ezeolazak kantatuko dituela esan du Sanchezek: "Elisabeth, No llores por mi Argentina edo Cats-en Memory abestiak bereziki Erkudenek abesteko aukeratu ditugu". Gainera, Les Miserables, The Lion King, The Beaty and The Beast, La la land filma eta beste hainbat musikari "ospetsuen" musika eginen du Sakanako bandak.

Kontzertu hau Haize Berriak bandarekin egin dituen kontzertuetatik zailena izan dela aitortu du Sanchezek. Izan ere, "musikalak ezagunak dira eta zerbait gaizki ateratzen bada nabaritzen da". Pieza zailak direla eta lan handia eskatu dutenak direla ere aipatu du zuzendariak.

Haize Berriak bandaren ildotik jarraitu dutela esan du: "Beste banda batzuk egitera ausartzen ez diren gauzak egiten dituzte". Musikalak lantzea "gustatzen zaiela" eta "motibatuta" daudela aipatu du. Hala ere, momentuz bakarrik musikalen kantak interpretatuko dituzte, eta agian "etorkizunean nork daki" dantatzera ere animatuko dira bandako kideak.

 

Erlazionatuak