2019. urtea amaitzear zegoela, Gabonetako oporretan murgilduta, Taberna Ibiltariak eta taldearen zenbait lagunek “Altsasuko gazteek” pairatzen duten “injustizia handiaren” aurrean “elkartasunezko” bisita egin zuten. Opari bikoitza egin zuten bizkaitarrek: alde batetik, kale-kontzertu bat eskaini zuten udaletxearen aurrean eta Foru plazan, eta, bestetik, eskultura bat mustu zuten. Eskultura taldeko kidean den Josu Aretxabaletaren lana da, eta udaletxearen lorategietan jarriko dute, Rufinoren kioskoa zegoen tokian.
Goiza hotza zegoen, baina Taberna Ibiltaria taldeari esker eztarriak berotu ziren. Izan ere, kontzertua entzutera gerturatu zituztenak kantatzera gonbidatu zituzten. Euskal kantutegia errepasatu zuten elkarrekin. Baina kontzertua ez ezik, mustutze ekitaldia ere bazen abenduaren 29an antolatutakoa. Taldeak Altsasukoak aske eta Altsasu Gurasoak plataformei oparitutako eskultura mustu zuten. Plataformek herriari eskaini diote eskultura.
Hogei urte daramatza Taberna Ibiltaria taldeak euskal kultura “zabaltzen” eta mugak “gainditzen”. Josu Aretxabaleta taldeko kidea da: “Idei politikoen gainetik dago gure kultura, eta guk moldeak apurtzen ditugu”. Altsasu bisitatzen zuten bigarren aldia da; 2018ko festetan egon ziren ere. Altsasura taldearen “elkartasuna, maitasuna eta indarra” ekartzera etorri ziren. Musikaren bidez eta artearen bidez eskaini zuten “ahal zuten guztia”.
“Nire lana ez da hori, baina batzuetan eskulturak egiten ditut”. Aretxabaleta mustu zuten eskulturaren egilea da. Eskultura haritzaren egurrarekin eta burdinarekin egina dago. “Barroteek Espainiako estatuaren errepresioa edo inposizioa islatzen dute”. Euskal Herriak “nahi dugun bezala ezin egotearen” erakusle handianak “Altsasuko gazteak” direla gaineratu du Aretxabaletak. Banderatik kendu zuten, baina oraindik hortik dabiltzan arranoaren atzaparretan gaude”. Eskulturaren goikaldean eguzkilore bat dago, Euskal Herria islatzen duena: “Eta lore hoberenak Altsasuko gazteak dira”.
“Beti esaten dugu txarrenari onena atera diogula, hau da onena”. Altsasuko auziaren hiru urtetan “jende zoragarria” ezagutzen ari direla esan zuen Antxon Ramirez de Alda Altsasu Gurasoak taldearen izenean. “Hainbat hitz aurkitu ditugu: betetzen ez diren justizia eta askatasuna, eta elkartasuna eta duintasuna, gainezka egiten digutenak”. Taberna Ibiltariaren elkartasuna “ere” Zaballara “iritsiko dela” aipatu zuen Ramirez de Aldak.